Udal aurrekontuaren aurka agertzeko arrazoiak aletu ditu EH Bilduk

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 27a, 09:59
Pleno aretoan egin zuten agerraldia koalizioko ordezkariek. Ezkerretik eskuinera: Ion Arozena, Itziar Murua eta Ainara Landa. (Amaia Urbieta Arruti)

Udal Gobernuak 2021erako aurrekontuetan "adostasunera iristeko ahaleginik txikiena ere" egin ez izana azpimarratu du EH Bildu koalizioak, eta aurrekontuetara gehitzea nahiko luketen hainbat partidaren berri eman du.

Adierazpenak egin zituen EH Bilduk astelehen goizean prentsaren aurrean, aurreko ostegunean ezohiko udalbatzarrean onartu zen udal aurrekontuaren harira. Ez zuen koalizioaren babesik izan Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenak; aurka agertu zen EH Bildu, baina gehiengoz aurrera atera zen proposamena, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

EH Bilduren esanetan, aurrekontuak "herria kudeatzeko eta herria hobetzeko" tresna izanik, lantze eta eztabaidatze prozesuari "denbora eta gogoa" eskaintzeak merezi du. Kritikatu egin dituzte, ordea, Udal Gobernuak ezarritako denborak: "abenduaren 22an aurkeztu zitzaizkigun aurrekontuak lehen aldiz, berandu, eta aurreko urtarrilaren 21ean eman die onarpena udalbatzarrak".

"Inoizko aurrekonturik sozialenak" diren hori ere zalantzan jarri du koalizioak, iaztik jaitsi egin delako, beren esanetan, Gizarte Zerbitzuetako partida, 60.000 euro inguru. Hori guztia hobetzeko helburuarekin, hainbat proposamen luzatu zizkion Udal Gobernuari EH Biduk:

  • 2021eko negurako Neguetxea edo neguko harrera zentro bat abian jartzeko konpromisoa eta horretarako partida bat txertatzea. "Gipuzkoako Mapa Sozialak dio eskualdearen erantzukizuna dela bazterketa egoeran daudenentzat gau eta eguneko harrera zentro bat izatea. Zentro hori ez dago oraindik, eta horretarako lanketa egin beharra dago". Seinalatu dute Zarautzen bazela neguko hilabeteetan funtzionatzen zuen baliabide bat, baina "egoerari beste irtenbiderik eman gabe" itxi zutela.
  • Zarauzko energia kontsumoaren diagnosi bat egiteko partida txertatzea. "Trantsizio energetikorako lehen pausoak ematen hasi egin behar delako".
  • Udal eraikin guztien egoeraren diagnosia egin eta datozen urteetako mantentze edo eraberritze plan bat egitea. Hainbat eraikin eta ondasunek egoera "kaxkarra" dutela iritzita, "eskuhartzea" eskatzen dute koalizioaren aburuz.
  • Ebro Etxearen egoera "tamalgarria" ikusita, "aurri egoerara" iritsi ez dadin urgentziazko konponketarako partida txertatzea. Eraikin horren egoera larritzat jotzen du EH Bilduk. "Botatzeko asmorik ez badago, erortzen uzteko asmorik ere ez luke egon behar", azaldu zuen Muruak.

Lau nagusi horiez gain, proposatu zuten malekoiko lurra aldatzeko partida bat txertatzea, beste bat bidegorri sarea mantendu eta osatzeko, kultur mahairako nahiz Zarauzko kale-eskulturen plaken berritzerako. Bestalde, eskatu zuten 2021erako aurreikusten den plan estrategikoan "bermatzea" herritarren nahiz udal talde guztien partaidetza.

Proposamen horiek behin luzatuta, EH Bilduk salatu zuen Udal Gobernua ez dela egon "aurrekontuetatik euro bat bera ere aldatzeko prest". Hala adierazi zuen koalizioak: "Gehiengo absolutuan eroso, ez dute herriko bigarren indarrarekin ezer adostu  nahi izan, beste hainbatetan gertatzen ari den bezala legealdi honetan. Guk, hala eta guztiz ere, elkarlanerako prest jarraitzen dugu". 

Bukatzeko, prentsaren aurrean salatu zuten "alkateak plenoan izan zuen hitzartze demagogikoa". Xabier Txurruka alkateak hitzartzean azaldu zuen EH Bildu, ezezkoa bozkatu zuenez, proposatzen ziren proiektuen aurka zegoela (Orokietako patioa berritzearen aurka, Maria Inmaculada eraikina erostearen aurka, semaforoak konpontzearen aurka eta abar). Horrela erantzun du koalizioak: "Aurrekontu batzuen kontra bozkatzen denean, ez du horko puntu guztien kontra bozkatzen ari zarenik esan nahi". Onartu diren partida askoren alde baldin badaude ere, beste batzuekin ez daudela ados zehaztu zuen Itziar Muruak agerraldian; "eta hor adostasunera iristeko ahaleginik txikiena ere ez dute egin".

Amaitzeko, beraien ezezkoaren arrazoia laburtu zuen Muruak: "Eskuzabal jokatu dugula uste dugu, baina ezin ditugu gabezia izugarriak dituen eta hobetzeko aukerarik ere eman ez diguten aurrekontuak babestu".

 

Erlazionatuak