Herritarrek oraindik ere bidali ditzakete Inauterietako Konpartsako bideoak

Mireia Galarza Bastida 2021ko urt. 26a, 18:20

Otsailaren 2a izango da horretarako azken eguna, eta bideoak bidaltzen dituztenen artean hainbat bazkari zozkatuko dituzte Euskalduna tabernan. 

Orain dela astebete inguru zabaldu zuen udalak Inauterietako Konpartsan egingo duen bideorako irudiak bidaltzeko epea. Hain zuzen, herritarrek Yasmilka Rodriguezek eta Joana Merinok prestatutako koreografiako urratsak ikasita bidali beharko dituzte bideoak, eta, horretaz gain, bideoko mozorroek gai amankomun bat ere izan beharko dute: Maitasuna.

Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak azaldu duenez, "erantzun ona" izan du ekimenak oraingoz, eta "herritarrak animatu" nahi ditu oraindik irudi gehiago bidaltzera. Otsailaren 2a izango da horretarako azken eguna, eta jaiak@zarautz.eus helbidera bidali beharko dituzte. Koreografia ikastea nahi dutenek, helbide bera erabili beharko dute dantza osatzen duten pausoen bideoak jasotzeko.

Udalak gaineratu duenez, "ezinbestekoa" izango da bideoak horizontalean grabatzea eta, horretaz gain, harremanetarako pertsona baten izena, telefonoa eta helbide elektronikoa ere bidali beharko dituzte bideoak bidaltzerako garaian. 

Euskalduna taberna, inauteriekin bat

Inauteriak ez ospatzearekin batera, bertan behera geratu da urteroko kartel lehiaketa ere. Hori horrela, lehiaketara zuzentzen zuten diruarekin hainbat bazkari zozkatuko dituzte Euskalduna tabernan, eta irabazleek hiru hilabete izango dituzte sariaz gozatzeko. Aitzitik, saridunak umeak badira "beste sorpresa bat" prestatuko zaiela gaineratu du udalak. Felix Borda Euskalduna tabernako nagusiaren iritziz, "inauteriak asko gozatzen dituzte herritarrek, eta horregatik, Zarautz kolorez margotzen jarraitu nahi dute".