Bira murriztuko dira herriko TAO guneak, eta igo egingo da egoiliarren tarifa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 29a, 18:00

Udalbatzak atzo urtarrileko ohiko osoko bilkuran gehiengoz hala adostuta, aldaketak egingo dituzte TAO sisteman. Gaur arteko zazpi guneak bira murriztuko dituzte, eta 35 eurora igoko dute egoiliarren bereizgarriaren prezioa. Dena den, deskontuak aplikatuko zaizkie hainbat herritarri.

TAO sisteman hainbat aldaketa egiteko proposamenari hasierako onespena eman zion atzo Udalbatzak, gehiengoz. Udal Gobernuko bi alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) alde bozkatu zuten, eta aurka agertu ziren EH Bildu eta Podemos Equo-Berdeak. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, onartutako proposamenaren helburua TAO sistema herritarrentzat "ulergarriagoa eta errazagoa" izatea da, baita "kudeaketa eraginkorragoa" bilatzea ere. Bi erabaki hartu zituen atzo Udalbatzak TAO sistemaren inguruan: TAO guneak murriztea eta egoiliarrentzako tarifa igotzea. 

Lehen erabakiari dagokionez, egun dauden zazpi guneen ordez, bi TAO gune egongo dira aurrerantzean Zarautzen. 1. gunea lehengo bera izango da, eta gainerako guztiek bat eginik osatuko dute 2. gunea. "1. gunea beste guneengandik bereizten jarraitu behar dugu. Herriko beste guneek modu bateratuan funtzionatu dezaketela uste dugu", baieztatu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak. Gaineratu du orain dauden guneek TAOren funtzionamendua ulertzea zailtzen dutela. 

Bestalde, aparkalekuen banaketari eta gune urdina handitzeari buruzko aldaketak ere onartu ziren. Besteak beste, Astin, kirol instalazioen ondoan, aldi baterako edo sasoiko aparkaleku eremua txertatuko dute, eta Talaimendi auzoko aprakalekuak ere eremu arautua izango dira aurrerantzean.

Basurkok nabarmendu du egoiliar aparkalekuen kopurua igo egin dela azken urte eta erdian: "270 egoiliar aparkaleku baino gehiago lortu ditugu, batzuk berriak eta beste batzuk birmoldatuak. Munoako edukiera bereko aparkaleku bat izatea lortu izan bagenu bezala da, baina bertakoentzat bakarrik".

 
 

Tarifen igoera

Udalbatzarrean TAOren inguruan hartutako beste erabakia tarifei buruzkoa izan zen. Hain zuzen ere, egoiliarrentzako bereizgarria 30 eurotik 35 eurora igotzea onartu zuten. Noizbehinkako tiketen tarifetan ere (uda sasoikoetan) "igoera txiki bat" izango da, baina udalak oharrean ez du zehaztu zenbatekoa izango den igoera hori.

Basurko zinegotziaren arabera, gaur egun Zarauzko egoiliarren bereizgarria "antzeko zerbitzua duten inguruko beste herri batzuen bataz bestekoa baino %45 merkeagoa da". Beraz, proposatu dutena "ezberdintasun hori pixka bat murriztea" izan dela azaldu du. "Inoiz ez da une egokia tarifak eguneratzeko, baina zerbitzua beti onena izatea nahi badugu, egin beharreko zerbait da. Egoera zaila bizitzen ari gara, zalantzarik gabe, baina berharrezkoak dira aldaketa hauek".

Dena den, zinegotziak gogorarazi du COVID-19agatik zerbitzua etenda izan duten guztiei %20ko deskontua aplikatuko zaiela aurten, eta ordainketa helbideratuta edukitzeagatik %5eko hobaria gehitu ahal izango zaiela. Horregatik, zehaztu du aurten 27,25 euroan gera daitekeela egoiliarren bereizgarriagatik ordaindu beharreko kopurua.

Azaldutako bi aldaketak jendaurrean jarriko dira, lehena hilabeteko epean eta bigarrena hamabost egunez, herritarrek ekarpenak eta iradokizunak egin ahal izateko. Aipatu epeetan ez bada inongo arrazoibiderik aurkezten, behin betirako onartuta geratuko dira aldaketak.

Oposizioaren arrazoiak

Oposizioa osatzen duten bi udal taldeek beren aurkako botoaren zergatiak azaldu zituzten udalbatzarrean. TAOren guneak murrizteari dagokionez, EH Bilduk, besteak beste, esan zuen bateratze horrek ekarriko lukeela Alde Zaharraren inguruko auzoetako aparkalekuak "saturatzea". Mikel Goenaga koalizioko kideak azpimarratu zuen neurri horrek ez diela laguntzen herrian mugitzeko bestelako modu jasangarriei: "Kotxea gehiago erabiliko litzateke, eta beste ibilgailuak kaltetuta aterako lirateke". Gaineratu zuen aldaketak egin aurretik beharrezkoa zela Mugikortasun Plana egitea, herritarren arteko prozesu partehartzaile baten bidez.

Oihane Delgado Podemos Equo-Berdeak alderdiko bozeramaileak TAOren tarifaren igoerari buruz esan zuen "exajeratua" iruditzen zaiela tarifa berria, eta egoera dagoen bezela egonik, ez daudela ados igoerarekin. "TAO dirua biltzeko makina bat ari da bihurtzen. Aurreko puntuak [TAOren guneak murriztearenak] ez ditu konpontzen mugikortasun arazoak, eta honek prezioak igotzen ditu, beraz, aurka gaude", burutu zuen. Ildo beretik, Ion Arozena EH Bilduko kideak ere adierazi zuen "zukua ateratzeko intentzio garbia" zeukala tarifa igoeraren  erabakiak.