"Euskal Poliziari begirunea eta babesa" adierazteko mozioa onartu du Udalbatzak, azken asteetako gertakarien harira

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 30a, 10:00
EAJ taldeko bozeramaile Jesus Aranak eman zuen mozioaren berri. (Erlo Telebista)

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, Zarauzko Udalak "esker ona, aitortza eta babesa" adieraziko dizkie Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, eta "gaitzetsi" egingo ditu "bizikidetza zalantzan jartzen duten mobilizazioak". EAJk dio "osasun publikoa eta gizarte bizitza defendatzea" dela polizia-agenteen helburua, eta PSE-EEk adierazi du "indarkeria legitimoa eta beharrezkoa" dela haiena, "arauak betearazteko eta herritarrak defendatzeko". Abstenitu egin ziren, ordea, EH Bildu eta Podemos-Equo Berdeak, eta zalantzan jarri zuten poliziaren azkeneko asteetako esku-hartzeen "proportzionaltasuna". EH Bilduk, bestalde, "Euskal Polizia ereduaren inguruko hausnarketa bat" eskatu du.

Ostegunean izan zen urtarrileko ohiko osoko bilkura udaletxeko batzar-aretoan eta, besteak beste, "Euskal Poliziari begirunea eta babesa adierazteko" EAJ alderdiak aurkeztutako mozioa izan zuten aztergai Zarauzko hautetsiek. Aldeko botoa eman zuen Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE), eta abstenitu egin ziren EH Bildu eta Podemos-Equo Berdeak. Hortaz, mozioa onartu zuen Udalbatzak.

Azken asteetan hautsak harrotu dituzte hainbat herritan –Donostian, Mungian edota Santurtzin– izan diren liskarrek, hain zuzen, polizia-indarren eta kalean zeuden hainbat pertsonaren artean. Zaurituak nahiz atxilotuak izan dira kasu gehienetan; esaterako, Donostian ertzainek masailezurra hautsi zieten bi gazteri, pilotakadaz. Gertakari horiek piztu duten eztabaidaren harira osatu zuen proposamena EAJk.

Ondoko hiru puntuak jasotzen ditu Udalbatzak onetsi duen mozioak:

  1. "Zarauzko Udalak, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarduera eskertzen, aitortzen eta babesten du".
  2. "Zarauzko Udalak, gizarte osoa pairatzen ari den une zail hauetan beharrezko bizikidetza zalantzan jartzen duten mobilizazio horien guztien erabateko gaitzespena adierazten du".
  3. "Mozio honen berri, Ertzaintzari (Barne Saila), Udaltzaingoari eta komunikabideei ematea".

"Profesionaltasuna" eta "oreka"

Jeltzaleen bozeramaile Jesus Aranak azaldu zituen mozioaren nondik norakoak. EAJk mozioan dio, pandemia dela-eta, "ezohiko egoera bat" bizi duela "gizarteak", "bizitzako arlo guztietan sufritzen ari dena". "Osasun agintariek proposatutako neurrien" eta "erakundeek hartutako erabakien" helburuak "osasun publikoa bermatzea eta pertsonen bizitza zaintzea" direla adierazi dute alderdiko kideek, bai eta neurri horiek "beharrezkoak" eta "eraginkorrak" direla ere.

Hala, jeltzaleek esan dute "kezkagarriak" iruditzen zaizkiela aurreko asteburuan "hainbat udalerritan izan ziren liskarrak eta arazoak". "Zoritxarrez, bizikidetzaren aurka doazen ekintza arduragabeak direla esan behar dugu. Eraso horiek antolatuak izan direla nabarmendu dute agintariek", seinalatu dute. Aranak batzarrean adierazi zuen "gertakarien kronologiari" ere erreparatu behar zaiola.

"Probokazio eta eraso bortitzen aurrean", udaltzainek eta ertzainek "profesionaltasuna erakutsi" dutela eta "orekaz eta neurriz jardun" dutela defendatu du mozioan EAJk: "Beraien jardunaren helburua osasun publikoa eta gizarte bizitza defendatzea izan da". Aranak nabarmendu zuen, gainera, "ertzainak eta udaltzainak pertsonak" direla, eta "beraien lanean" ez dutela "inolako gogorik 'errepresioa' egiteko".

"Proportzionaltasuna" auzitan

Itziar Muruaren esanetan, "EH Bilduk bat egiten du mozioaren aurreneko zatiarekin". "Hala ere, oro har, jendea ezarritako arauak eta murrizketak arduraz betetzen ari da, nahiz eta badauden betetzen ez diren kasuak ere. Eta noski, gu ez gatoz bat horiekin", adierazi zuen bilkuran: "Neurri zorrotzak eskatu dituen alderdi bat izan gara pandemiaren hasieratik". Dena den, xehatu zuen, EH Bilduren iritziz, "tentuz aztertu behar" dela "arau-hauste eta jarrera arduragabeak zergatik ematen diren", eta "jendearen haserrea eta ezinegona" aipatu zituen.

"Poliziaren gaineko sakoneko eztabaida bat eman beharko litzatekeela uste dugu. Ez beti, baina batzuetan nagusikeriaz jokatzen duen eta jendea jipoitzen duen polizia bat ez da guk nahi duguna, baizik inteligentziaz, enpatiaz, orekaz eta neurriz jardungo duena [...]. Gu ez gaude inola ere udaltzain edo ertzainen kontra, udaltzain edo ertzain bakoitzak jokatzen du agintzen dionak jokatzeko esaten dion bezalaxe. Eta gure ustez hor dago gakoa: nolako udaltzain eta ertzainak nahi ditugu?".

EH Bilduk mozioan jasotzeko bi proposamen nagusi egin zituen: Eusko Jaurlaritzari eskatzea, batetik, "zabal dezala talde politiko desberdinen artean emango den Euskal Polizia ereduaren inguruko hausnarketa bat" eta bestetik, jar dezala martxan "azken egunetako Ertzaintzaren neurriz kanpoko ekintzen inguruko ikerketa".

EAJk bi proposamenak atzera bota zituen arren, Muruak esan zuen EH Bilduk ez duela bat egiten polizia-indarrek "orekaz eta neurriz jardun" dutenaren ideiarekin, eta "gutxienez, argitzeko ikerketa bat egin beharko litzatekeela" uste duela. Iritzi zion, gainera, ezin dela baieztatu "gertatu diren liskarrak antolatuak izan direnik", "frogarik" ez dagoelako. "Horregatik guztiagatik, abstenitu egingo gara gu".

Podemos-Equo Berdeakeko ordezkari Oihane Delgadok ere abstenitu egingo zela azaldu zuen ostegunean: "Epaiketa bat egiteko, zehatz-mehatz ezagutu behar dira gertaerak, horrela ulertzeko ea betetzen den indar armatu baten arau nagusia; kasu honetan, proportzionaltasunarena. Eta ez nik ez Podemos-Eguo Berdeakek ez daukagunez proportzionaltasun horri buruzko epairik emateko daturik, abstenitu egingo gara [...]. Ni ez naiz nor erakunde armatu baten edo poliziaren ohorea epaitzeko, ez eta herritar baten errugabetasun-printzipioa epaitzeko ere".

"Indarkeria legitimoa"

Gloria Vazquezek azpimarratu zuen PSE-EEk "babes osoa eta esker ona" adierazi nahi dizkiela udaltzainei eta ertzainei, "haien lana profesionaltasunez eta modu proportzionatuan egiteagatik". "Ertzaintza gizarte osoa babesten ari da, guztiok arriskuan jartzen gaituen arduragabe talde txiki batengandik".

Azkeneko asteetako gertakarien harira, Vazquezek kritikatu zuen EH Bilduk eta Podemos-Equo Berdeakek adierazi izana "neurriz kanpokoa" izan zela polizia-indarren esku-hartzea: "Gustatuko litzaidake jakitea nola uste duten horrelako kale-edan bat kontrolatu daitekeela edo kontrolatu behar dela [...]. Ez dakit uste duten bitartekariak bidali beharko liratekeela, jendetza horiek talde-dinamikekin edo bakea eta maitasunarekin kontrolatu ahal izateko". Bestalde, gaineratu zuen poliziak "bere burua defendatzen saiatu behar" duela "erasoen aurrean".

Vazquezen arabera, "pedagogia egin beharra dago", "erakusteko zer diren instituzio demokratikoak, zergatik daukagun polizia eta zein den poliziaren funtzioa". "Indarkeria legitimoa da, beharrezkoa, arauak betearazteko eta herritarrak defendatzeko", ondorioztatu zuen.