Molde berri baten amaiera, eta hasiera

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 30a, 15:03

Atzo itxi zuten Galdedebalde saio berezien zikloa, Olatz Salvadorrekin. Azken asteetan jendaurrean egin dute irratsaioa Stuartek, Ortegak eta Gassetek, eta ia 180 pertsona bertaratu dira Putzuzulora ikus-entzule modura. "Aurrerago ere saiatuko gara horrelako saio gehiago egiten, ahal bada, gaztetxe honetan".

Irudimenari bide emanda ekin zioten urte berriari Galdedebalde irratsaioko kideek. Hirugarren urtez ari dira buru-belarri Arraio Irratiko uhinetan, eta haien saioetan formatu berri bat izan da nagusi azken asteetan: jendaurrean grabatu dute irratsaioa, gonbidatu bereziek eta zuzeneko musika emanaldiek lagunduta. Hala, urtarrilean Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Xabi Bandini eta Olatz Salvador izan dira Putzuzulon, eta umorea, solasa nahiz musika uztartu dituzte Galdedebalde-ko hiru partaideen eskutik: Stuart, Ortega eta Gasset.

Atzo izan zen ziklo berezi honetako azken saioa, Olatz Salvador abeslari donostiarrarekin, eta jende ugari bertaratu zen beste aste batez. "Jende askok hiru saioetan parte hartu du, eta uste dugu seinale ona dela hori: esan nahi du, probatu ostean, gustatu egin zaiola jendeari", diote Galdedebalde-ko kideek.

Guztira 180 sarrera inguru saldu dituzte urtarrilean, alegia, salgai izan diren sarrera guztiak agortu dira ia. "Oso balorazio positiboa egiten dugu guk, eta formatuarekin asmatu dugula uste dugu: elkarrizketa informal bat eta emanaldi akustiko bat", ondorioztatu dute: "Plazer bat izan da gonbidatu horiek guregana etortzea eta gurekin batera gozatzea".

Bestalde, aurrera begira, molde berri honi eusteko asmoa erakutsi dute Galdedebalde-ko kideek: "Aurrerago ere saiatuko gara horrelako saio gehiago egiten, ahal bada, gaztetxe honetan eta, bestela, gaztetxe berria lortzen badugu, gaztetxe berrian".

- Argazkiak: Galdedebalde