Protestara deitu du GKSk hurrengo larunbaterako, "osasun-hondamendia" eta horri ematen ari zaion "aterabidea" salatzeko

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 31a, 11:00
Azaroaren 21ean ere, GKSk deituta, elkarretaratzea izan zen Zarautzen. (Dorleta Agiriano Lai)

Osasun-larrialdiari "osasun-baliabideen horniduraz aurre egin" beharrean, gobernuek "kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez" erantzun nahi diotela ohartarazi dute GKSko kideek, eta seinalatu dute "aurrekari arriskutsua" sor dezakeela horrek aurrera begira. Larunbatean 18:00etan izango da elkarretaratzea, udaletxe aurrean.

Gazte Koordinadora Sozialistak protestara deitu du Euskal Herriko hainbat txokotan. Hain zuzen, atzo ekin zieten mobilizazioei zenbait herritan, eta hurrengo larunbatean ere izango dira protestak, besteak beste, Zarautzen. Urola Kostako GKSk dei egin du 18:00etan Zarauzko udaletxe aurrera bertaratzera, "osasun-hondamendia" eta horri ematen ari zaion "aterabide poliziala" salatzeko.

Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu! lelo hartuta deitu dute mobilizatzera GKSko kideek. "Mendebaldeko estatuek pandemiari aurre egiteko duten estrategiaren hutsuneak nabarmenak" direla esan dute, "Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek" pandemia "kontrolpean edukitzeko" gaitasun falta erakutsi dutela seinalatuz. "Osasun-arazo bati, osasun-baliabideen horniduraz baino ezin zaiola aurre egin" aldarrikatu dute.

Zein baliabide eta zertarako

"Burgesiak", kontrara, osasun-larrialdiari "aterabide poliziala" eman diola kritikatu du GKSk. "Bankari eta enpresaburuek", esaterako, "negozioa egin dezaketen heinean soilik inbertitzen dutela" salatu du, "txertoaren komertzializazioan" kasu.

"Gizartea epidemiologikoki babesteko eta osasun-baliabideak indartzeko beharrezkoa den gasturako", ordea, "interesik ez" izatea leporatu diete GKSko kideek: "Irabazirik sortzen ez dien gasturik egitekotan, nahiago dute puntako armagintza handitzea eta polizia-baliabideak indartzea". "Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi enpresaburuek beren ordena soziala proletariotzaren balizko erantzunetatik babestu nahi dutela", ondorioztatu dute.

Gainera, haien "ardura politikoa estali nahian", gazteria jo-puntuan" jarri dutela salatu du GKSk: "Mediatikoki kriminalizatzen ari dira gazteria, birusaren hedapenaren ardura leporatuz".

Askatasunak kolokan

Horretaz gain, GKSk azaldu du "azken hilabeteetan askatasun zibil eta politikoak ezabatu dizkigutela" "politikari profesionalek", eta kezka adierazi du horrek aurrera begira ezar ditzakeen "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak" direla-eta.

Iazko azaroan egin bezala, "salbuespen egoera politikoa" gaitzetsi dute gazte eragileko kideek: "Frantziako Gobernua, Espainiakoa eta EAJ EAEn, gainontzeko alderdien konplizitatearekin, oinarrizko giza eskubideak (biltzeko askatasuna, mugikortasun askerako eskubidea...) ezabatzen ari dira". "Kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez egin nahi diote aurre pandemiari", ohartarazi dute.

Hori guztia, gainera, krisialdi ekonomikoan kokatu du GKSk, eta nabarmendu du, "handitzen" ari dela "langileria xumearen pobrezia eta askatasun eza".