Irita hezegunearen azalera handituko dute

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 3a, 15:00
(Bittor Mutiozabal)

Irita berreskuratzeko lanekin aurrera egingo du udalak. 11.500 m2 lur kentzea eta hezegunearen azalera 6.500 m2 handitzea aurreikusi dute proiektu berrian, baita oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat egitea eta Astierrekaren gainean zubi bat eraikitzea ere.

Itxasmendin Iñurritza ibaiaren horma bota eta "ibaitik gertuen zegoen hezegunearen zatia berreskuratu" ostean, Zarauzko Udalak aurrera egingo du Irita hezegunea berreskuratzeko lanekin. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak adierazi du, "edertasuna irabazteaz" gain, "ekosistema baliotsu bat berreskuratzen hasi" direla: "hezegunea eta ibaia". Bestalde, Iritan egingo diren hurrengo urratsen berri eman du Vazquezek.

Ekolur eta Igelan enpresak ari dira Irita berreskuratzeko lanei jarraipena emango dien proiektu berria osatzen eta, udalaren arabera, kontuan izango dituzte aurretik Arkamurka Natura Elkartearekin adostutako irizpideak. Ia 500.000 euroko aurrekontua izango dute.

Eremu horretan 11.500 m2 lur kentzea eta hezegunearen azalera 6.500 m2 handitzea aurreikusi dute proiektuan; horrez gain, Astierrekaren gainean zubi bat eraikitzea eta zonan oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat egitea jasoko ditu planak. Hegaztien behatoki bat egokitzea ere badago asmoen artean, eta hortik "hezegune osoa ikusiko" litzatekeela dio udalak." Itxasmendiko auzo elkartean aurkeztuko dugu proiektua, amaitu bezain laster", gaineratu du.

Ibaiak iturri

Vazquezen esanetan, "unitate ekologiko bat osatzen dute" Iritak, Astik eta Iñurritzako biotopoak eta, "ibaiak konektatuta, benetako korridore ekologiko baten gisa jokatzen" du unitate horrek. Behin Irita inguruko lanak hasita, zinegotziak dio "argi geratu" dela "hiri batean ibai natural bat egotea zaindu beharreko altxorra dela".

"Ibaiak espazio biziak dira, ez ur-kanalak. Biodibertsitate handiko ekosistemak dira, eta gure ur gezako iturri nagusia. Herritarrek hezeguneen garrantzia ulertzea nahi dugu, ez baitira zabortegiak, ezta zingira zikinak ere. Hezeguneak biodibertsitatean ere aberatsak diren ekosistemak dira, eta uholdeak saihesteko funtsezkoak. Marearen arabera aldatzen diren espazioak dira, non beste leku batzuetan bizi ezin diren espezieak hemen bizi diren", nabarmendu du Vazquezek.