Amaitu da 45+ indartzen ikastaroa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 4a, 15:30
Azken 45+ indartzen programako taldearen argazkia. (UKUE)

Orain arteko hiru edizioen arrakasta kontuan hartuta, 2021ean beste bi prestakuntza programa egingo dituztela iragarri du udal elkarteak.

Amaitu da 45+ indartzen egitasmoaren hirugarren edizioa. 45 urtetik gorako eskualdeko hamalau lagunek jaso dute lan munduan txertatzeko UKUEk eskainitako prestakuntza programa, baita bakarkako hiru saio ere. Egitasmoaren helburua da lan munduan murgiltzeko zailtasunak dituzten 45 urtetik gorako pertsonei aldaketa bidea nolabait erraztea. 

Urola Kostako Udal Elkarteak jakitera eman duenez, programaren xedea da argitzea partaide bakoitzaren lan helburua. "Horretarako, norbanako bakoitzaren baliabideak ezagutu eta norberak izan ditzakeen oztopo eta zamak identifikatzen dira. Horiek egoki kudeatzeko partaideei aldaketarako prestatzen laguntzen zaie, lan mundura bideratzeko hainbat erreminta eskuratu eta saioetan landutako ikuspegia praktikara eramateko. Azken finean, hobekuntza profesionalerako ekintza plan propioa garatzen du partaide bakoitzak", zehaztu du UKUEk oharrean.

Gaineratu du orain arteko edizioetan, guztira, 41 lagunek hartu dutela parte. Izandako harrera onagatik, beste bi edizio antolatuko dituela ere iragarri du: 2021eko udaberrian bata, eta udazkenean bestea. Oraindik izen-emate berria ez badute zabaldu ere, prestakuntza saioei buruzko informazioa eskuratu daiteke lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzita edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta.