COVID-19ak eragindako izurritea dela eta, Udalak jakinarazi du aurten ezingo direla Inauteriak !nahi bezala ospatu! herrian. "Azken urteetako egitaraua nahiko zabala bazen ere, aurtengoa Modelo Aretoan egingo diren bi saiotara mugatu nahi izan dugu. Segurtasun eta higiene neurriak bermatuko ditugu bertan, helduek eta etxeko txikienek gozatzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak. Hala, otsailaren 13an, larunbatean, Rockalean taldeak kontzertua eskainiko du Modelo Aretoan, 19:00etan. Eta, hurrengo egunean, hilaren 14an, igandearekin, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen eskutik, Bart non ote nintzen ni? saioa izango da, Modelo Aretoan, 12:00etan. Bi saioetarako gonbidapenak Modelo Aretoko txarteldegian hartu beharko dituzte herritarrek ekitaldia hasi baino ordubete lehenago, eta doakoak izango dira.
Bi ekitaldi antolatuko badituzte ere, “etxean dantzatzera" animatu dituzte zarauztarrak, eta animatzen direnen bideoekin inauterietako konpartsa birtualaren bideoa osatu dute. Otsailaren 13an, eguerdi aldera, ikusgai egongo da zarautz.eus webgunean. "Bideoaren abestiarekin, sorpresatxo bat prestatu dugu, adi egon! Euskalduna Tabernan bazkaltzeko hainbat sari ere zozketatuko dira bideoko parte hartzaileen artean”, gehitu du Turismo zinegotziak. Hain zuzen ere, gogorarazi du Euskalduna tabernan azken urteetako Inauterietako kartelen erakusketa ikusgai egongo dela, otsailaren 12tik aurrera.
Inauterietako egitarauaren berri eman ondoren, Zarauzko Udalak zehaztu du egunero aztertzen duela kutsatu kopurua eta intzidentzia tasa; beraz, ekitaldiak aldatu edo bertan behera geratu daitezkeela, egoera epidemiologikoaren arabera.