Jokin Eizmendik Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finala jokatuko du gaur arratsaldean

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 6a, 13:25

Aimar Irigoien errezildarra eta Jon Unanue Goetnatxo III. azkoitiarra izango ditu arerio. Berez, azaroaren 8an Zizurkilen jokatzekoak ziren finala, baina egoerak laguntzen ez zuela eta, jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten. Azkenean Asteasun izango da jaialdia gaur, 17:00etan hasita, ikuslerik gabe.

Gaur arratsaldean 2020ko Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finala jokatuko dute Asteasun, eta han izango da Jokin Eizmendi; zarauztarrak Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarraren eta Aimar Irigoien errezildarraren kontra neurtu beharko ditu indarrak, 17:00etan hasiko den jaialdian. Lau eratako harriak altxatu beharko dituzte parte hartzaileek: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Harri bakoitzarekin bi minutuko txandak egingo dituzte, eta kilo gehien jasotzen dituen harri jasotzaileak irabaziko du txapelketa.

Azken bi urteotan Irigoien izan da Gipuzkoako harri handien txapelduna, eta hari aurrea hartzea izango da beste bi lehiakideen helburua. Iazko finalean bost harri jasotzailek neurtu zituzten indarrak, eta Eizmendi bigarren lekuan eta Goenatxo III.a hirugarrengoan gelditu ziren.

Berez, azaroaren 8an Zizurkilen jokatzekoak ziren finala, baina egoerak laguntzen ez zuela eta, bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Gaurko jaialdia ere Aian izatekoa zen hasiera batean, baina Aian eremu gorriko murrizketak indarrean dituztenez, jaialdia lekualdatzea erabaki dute azkenean. Hori horrela, Asteasun jokatuko dute finala, ikuslerik gabe.

Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finalarekin batera, Gipuzkoako Lokotx biltze Txapelketakoa ere jokatuko dute gaur, Asteasun.