Aner Peritzek abestuko du Eskolatik Plazara ekimeneko azkeneko saioan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 8a, 16:30
Eskolatik Plazara, Iruñean. (bertsozale.eus)

Haira Aizpuruarekin, Irantzu Idoaterekin, Maialen Lujanbiorekin eta Nerea Ibarzabalekin ariko da zarauztarra, Altzon. Eskolatik Plazara ekimeneko hirugarren eta azken saioa izango da.

Aurreko urtean Euskal Herriko Eskolartekoan parte hartu behar zuten hainbat bertsolari gazte eta "plazan ohikoak diren zenbait bertsolari" elkartzea da Eskolatik Plazara ekimenaren helburua. Eskolartekoa antolatu ohi duten Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak jarri dute martxan molde berri hori, eta hiru saio prestatu dituzte aurten. Urtarrilaren 29an izan zen aurrenekoa Gernika-Lumon, aurreko ostiralean, otsailaren 5ean, Iruñeak eman zion aterpe Eskolatik Plazari eta, datorren ostiralean, azkeneko saioa egingo dute.

Aner Peritz zarauztarrak ere kantatuko du Eskolatik Plazara zikloko hirugarren eta azken saioan, Haira Aizpuruarekin, Irantzu Idoaterekin, Maialen Lujanbiorekin eta Nerea Ibarzabalekin batera. Altzoko Kultur Etxean izango da saioa, baina agortu dira sarrera guztiak.