Hankak lurrean izateko unea

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 10a, 10:00
Mikrobiologia irakaslea da Miren Basaras. (Utzitakoa)

Hilabete igaro da COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina hasi zenetik, baina indarra hartu dute oraindik erantzunik ez duten hamaika galderak. Horietako hainbat auziren inguruan mintzatu da Miren Basaras mikrobiologoa, ZarautzOn elkarteak gonbidatuta.

Txertoa al da irtenbidea? Horixe da, hain zuzen, ZarautzOn elkarteko kideek Miren Basaras Ibarzabali luzatutako galdera, "COVID-19ak alor desberdinetan izan duen eragina" aztertzeko antolatutako aurreneko online hitzaldian, atzo. EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko kidea da Basaras, eta Mikrobiologia irakasle aritzen da egun.

COVID-19aren aurkako txertoak aurkitu bai, baina txertaketa prozesua galdera-ikurrez josita dago une honetan. Hego Euskal Herriko %1,4k baino ez ditu txertoaren bi dosiak hartu, eta %4,3 dira dosi bat jaso dutenak. "COVID-19a kontrolatzeko zenbait txerto daude jada merkatuan, eta hurrengo pausoa eman behar dugu orain: jartzea".

Berria egunkariak argitaratu duenez, aurten Hegoaldeko biztanleen %70 txertatzeko, 85.000 dosi behar lirateke astero, eta orain 25.000 ari dira jartzen. Basarasen iritziz, "une honetan, ez dago nahikoa dosirik": "Hori argi dago. Esaten ari dira". Aldarrikatu du, beraz, "gobernu guztietako agintari guztiek jarri behar lituzketela eskura dituzten baliabide guztiak, pixkanaka dosi horiek handitu ahal izateko", eta "behar dituzten errekurtso guztiak izan ditzaten farmazia-enpresek". "Baliabide guztiak eskaini eta mahai gainean jarri behar dira, dosi horiek ahalik eta arinen ekoitzi ahal izateko", iritzi dio.

"Txertoak egon badaude, orain jarri egin behar dira, eta horrek sortu behar du talde immunitatea, hori lortzea baita garrantzitsuena", dio Basarasek. Dena den, balizko immunitate horri dagokionez, aintzat hartu beharreko argi-itzalen inguruan mintzatu da mikrobiologoa: "Oso positiboa da txertoak sortzea, urrats zinez garrantzitsua da baina, orain, beste faktore batzuk ere izan behar ditugu kontuan", adierazi du.

Bi begi, edo gehiago

Faktore horien artean aipatu du, hain zuzen, txertoen irismena. Izan ere, onartu duen arren badirela "lehentasuna duten taldeak", nabarmendu du, "talde immunitatea lortzeko, populazioaren gehiengoak hartu behar duela txertoa, eta ez soilik talde batzuen gehiengoak". "Badirudi, epe laburrean behintzat, ez dugula lortuko txertoaren eraginkortasuna ikustea. Horretarako, biztanle asko txertatu beharko lirateke aldi berean, milioika txerto atera beharko lirateke. Eta ez dakigu noiz helduko den une hori".

Basarasek argitu duenez, txertaketa masiboa beharrezkoa da, pixkanaka, ikusi eta aztertu ahal izateko "ea txertoen eraginkortasuna mantendu egiten den populazioa txertatzean". "Posible da eraginkortasuna jaistea, efikazia nahiz efizientzia behatu behar baitira", aurreikusi du. "Efikazia" izango litzateke "entsegu klinikoetan frogatzen" dena, "boluntario talde batek" txertoa hartzean: "Efikazia baieztatu dute dagoeneko". "Efizientzia", aldiz, egiaztatzeke dago oraindik, horretarako, "milioika pertsonak" hartu beharko bailukete txertoa.

Kontuan izan beharreko beste funtsezko aldagai bat, Basarasen esanetan, birusa bera litzateke, "ea birusak zer egiten duen". "Ikusten ari gara birusa aldatzen ari dela, eta ikusteke dago aldaera horiek ere zein portaera duten txertoen aurrean, edo txertoek eraginik ba ote duten aipatutako aldaera horietan", azaldu du mikrobiologoak: "Badirudi txertoak eraginkorrak direla hainbat aldaeraren aurka, baina eraginkortasunak behera egiten duela beste zenbait kasutan. Aldaera berriak agertuko balira ere, aztertu egin beharko litzateke horien portaera".

"Orduan, noiz lortuko dugun talde immunitatea edo biztanleriaren gehiengoa immune izatea? Erantzuna ezin dugu jakin, faktore askok hartzen dutelako parte auzi honetan. Gaur-gaurkoz, eta, epe laburrean behintzat, ezin dugu bermatu txertoaren bidez talde immunitatea lortuko dugunik, oraindik ezezagunak diren faktore asko baitaude tartean", hausnartu du Basarasek. "Sarri esaten da aurtengo udarako lor dezakegula immunitate hori baina, egiatan, itxaropena izan behar badugu ere, argi izan behar ditugu aldagai guztiak. Hankak lurrean izan behar ditugu", gaineratu du. Erne egotera dei egin du, bestalde: "Immunizazioaren bila joan behar gara, baina birusari begia kendu gabe. Adi egon beharko gara".