Errotazar eremuaren sektorekatze-plana egitea eskatu dute Sprilur eta Beterri Kostako industrialdeak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 9a, 11:10
Errotazar eremua, goitik. (Zarauzko Udala)

Abendaño industrialdearen, La Salle ikastetxearen eta hilerriaren artean dagoen eremua da Errotazar. Plana egiteko ekimena jendaurrean jarriko du udalak, hala nahi duenak arrazoibideak aurkeztu ditzan. 

Zarauzko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrak Errotazar eremua ‘sektorizatu gabeko lur urbanizagarria’ kategorian sailkatu zuen, udalak ohar bidez argitu duenaren arabera, "Abendañoko industria-eremua handitu ahal izateko". Hain zuzen ere, Abendaño industrialdearen eta La Salle eta hilerriaren artean dagoen 59.517 metro koadroko eremua da Errotazar.

HAPOn jasota dagoen moduan, erabaki zen aipatu eremua ez aurreikustea sektore zehatz batera bideratzeko, besteak beste, Hegoalde eremuko urbanizazio lanen kudeaketak hasi arte, orduan aztertu ahal izateko lur horiek sektorizatzeko beharrik bazegoen edo ez.

Udalak jakitera eman duenez, "Lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 94. artikuluak xedatutakoari jarraituz", SPRILUR eta Beterri Kostako Industrialdea sozietate publikoek sektorekatze-plana egiteko ekimena baimentzeko eskatu diote udalari. HAPOk zehazten duenez, eremu hori sektorizatzeko baldintza funtsezkoak izango dira lurzoru industrialaren eskaria eta ekipamenduen aurreikuspena. 

Sektorekatze-plana egiteko ekimena jendaurrean jarriko du Zarauzko Udalak, interesdun orok bidezko iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan.