Haur igeriketaren bigarren hiruhilekorako izen ematea zabalik dago Karramarro, Olagarro, Igela eta Marrazo mailetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 9a, 16:30

Otsailaren 22an hasiko da bigarren hiruhilekoko ikastaroa eta, aurreikusitakoa betez gero, maiatzaren 21era arte iraungo du. 

Atzotik izena eman daiteke haurrentzako igeriketa ikastaroen bigarren hiruhilekoan; zehazki, Karramarro, Olagarro, Igela eta Marrazo mailetan. Horiez gain, gazte igeriketa ikastaroan ere eman daiteke izena.

Aurrez ikastaroan aritu ez diren haurrentzako epea atzotik hilaren 14aren eguerdira artekoa izango da. Otsailaren 15ean zozeketa egingo dute, eta emaitzak egunean bertan argitaratuko dituzte udalaren webgunean. Lehenengo hiruhilekoan ikastaroan aritu ziren haurrek izena eman ahalko dute hilaren 16tik 18ra bitartean, horretarako plaza librerik balego. Bigarren zozketa hilaren 19an egingo dute, eta kasu horretan ere egunean bertan argitaratuko dituzte emaitzak udalaren webgunean.

Ikastaroak otsailaren 22ko astean hasiko dira eta, dena ondo bidean, maiatzaren 21era arte iraungo dute. COVID-19ak eragindako protokoloa dela eta, astean behin izango dira ikastaroko saioak. Aritzbatalde Kiroldegiko abonatuek 46,63 euro ordainduko dute hiruhilekoa, eta abonatuta ez daudenek 79,83 euro. Argibide gehiagorako, 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu daiteke, edo kirola@zarautz.eus helbide elektronikora mezua idatzi.