Zarauzko anbulatorioan hasi dira COVID-aren kontra txertatzen Zarauzko, Orioko eta Aiako osasun langileak

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 10a, 14:09

100 langile baino gehiago txertatuko dituzte guztira; horien erdiak, gaur hasi eta ostirala bitartean. Eider Uzkudun da Zarautz, Aia eta Orioko lehen arreta zerbitzuko burua, eta pozarren da iritsi delako txertaketa eguna: "Txertaketa iristeko irrikaz ginen, eta sentsazioa dugu honekin pauso bat aurrera egiten dugula. Zer esanik ez herritarrengana iristen denean. Baina gizarte osoak batera joan behar dugu honetan ere. Lantalde bat gara, eta denon esfortzua eta kolaborazioa behar dugu". 

"Txertaketa iristeko irrikaz ginen, eta sentsazioa dugu honekin pauso bat aurrera egiten dugula. Zer esanik ez herritarrengana iristen denean". Gaur goizean hasi dira COVID-19aren kontrako txertoa hartzen Zarauzko anbulatorioan Zarauzko, Orioko eta Aiako anbulatorioko "langile guztiak, baita garbitzaileak eta auxiliarrak ere". 100 baino gehiago txertatuko dituzte guztira, erdiak gaur eta ostirala artean. Beste erdiak aurrerago, baina datarik ez dakite oraindik.

Eider Uzkudun, artxiboko irudian

Txertoa hartzeak, ordea, ez du esan nahi normaltasunera itzuliko denik anbulatorioetako jarduna. "Ez dakigu. Orain arte dauden ikerketekin, frogatu dutena da ni txertatuta banago eta gaixotzen banaiz, ez dudala garatuko koadro grabe bat. Baina oraingoz ez dago frogatuta ez naizenik berriro kutsatuko,  ezta ingurukoak ez ditudanik kutsatuko ere. Badirudi, Israeldik datorren ikerketa berri batek esango duela pertsonen arteko kutsatzeak ere gelditu egiten dituela, baina oso-oso berria da hori".

Uzkudun jakitun da herritarrei asko ari zaiela kostatzen funtzionatzeko modu berrira egokitzea, "baina guri ere asko ari zaigu kostatzen. Oso konplikatua ari da izaten. Inoiz baino lan gehiago ari gara egiten, eta zailagoa da guretzat horrela lan egitea. Telefonoa eskegitzearen alde dauden aurrenekoak gu gara". Oraingoz, ordea, epeez ideiarik ez dute. "Osakidetzak erabakitzen du nola lan egin behar dugun. Nik uste dut hilabeteak pasa ahala ikusiko dagoen egoera, eta horren arabera alde batera edo bestera joango garela. Azken batean, egoera pixka bat lasaitu den heinean paziente gehiago zitatu ditugu anbulatorioan. Egoeraren menpe gaude denbora guztian, ia-ia astetik astera goaz. Oso gaizki egon garenean COVIDak eta larrialdiak ikustera mugatu gara, eta lasaitu garenean, bueltatu gara, ahal den heinean, normaltasun batera".

Gaur goizeko txertaketaren une bat

Ospitaleak, azaroan baino kargatuago

Zarautz eremu laranjan, eta Orio eta Aia gorrian daude gaur-gaurkoz. Orion intzidentzia tasa 1.000 ingurukoa da, baina tasa egon da altuago ere. Azaroan, esaterako, 1.400ekoa zen. "Azaroan datuak oso txarrak izan ziren, Gipuzkoa osoa sartu zen gorrian, eta nik uste dut orain hartu diren neurriekin nahi dela azaroko egoerara ez iristea".

Azalpenak ematerakoan, ospitaleen egoeran ere jarri du arreta Uzkudunek. "Azaroan ospitalea ez zegoen orain dauden bezala; orain kargatuagoa dago. Bigarren olatua hasi zenean, ospitalea hobeto zegoen. Hirugarren olatuan sartu gara ospitala hustu gabe".

Txertoa herritarrengana azkar iristea espero du Uzkudunek, nahiz eta hasieratik pentsatu zuten txertoaren banaketan "arazoak" egon zitezkeela, "mundu osoak behar duelako". Udarako poblazioaren %70a txertatuta egoteaz hitz egin izan da, eta Uzkudunek argi du: "Uste dut oso ona litzatekeela hori betetzen bada. Eta oso inportantea da jendeak erabakitzea txertoa jartzea. Txertoak azkar irits daitezke, baina norberak ezezkoa esaten badio, ez dugu pauso handi hori emango. Orain arte bezala, denok batera joan behar dugula uste dut, eta txertoa jartzearena ere denok batera egin behar dugula uste dut. Mezu hori emango nuke: lantalde bat gara, eta denon esfortzua eta kolaborazioa behar dugu".