Donibane Garazin eta Maulen izango ditu hurrengo lasterketak Jira-Birak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 10a, 15:00
(Jira-Bira)

Aurreko asteko lasterketetan atera ez ziren txirrindulariak hautatu ditu David Etxebarria zuzendariak datozen probetarako.

Iragan asteburuan Lapurdin bi lasterketatan parte hartu ondoren, Behe Nafarroa eta Zuberoa bisitatuko dituzte asteburu honetan Grupo EULEN Jira-Bira txirrindulari taldeko mutilek. Aurreko probetan parte hartu ez zutenak aterako dira datozen bietan, Patxi Darthayette txirrindularia izan ezik, baionarrak errepikatu egingo baitu. Ondorengo zazpi txirrindulari hauek aterako dira asteburuan: Santiago Martinez, Patxi Darthayette, Julen Garcia, Joseba Lopez, Gaizka Gurrutxaga, Iñigo Eizagirre eta Unai Cueva.

Bestalde, Jira-Bira taldeak jakinarazi du taldearen web orrialdea sortu dutela: jirabira.com. Bertan jarriko dituzte ikusgai aurrerantzean taldeari buruzko informazio eguneratua, egutegia, lasterketen emaitzak, argazkiak eta abar.