'Kontrol soziala segurtasunaren izenean' saioa antolatu du GKSk hilaren 19rako

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 10a, 16:00

Haserrea antolatu, askatasunak hedatu kanpainaren barruan prestatu dute hitzaldia, Putzuzulon. "Kontrol sozial orokortua" eta horrek "osasun-larrialdiari aurre egiteko estrategia gisa" duen "izaera politikoa" aztertuko dute saio horretan.

Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrila amaieran aurkeztu zuen kanpaina berri bat, Haserrea antolatu, askatasunak hedatu lema hartuta. Pandemia testuingurua aztertuta, bi auzi nagusi jarri zituzten jo-puntuan GKSko kideek: batetik, hainbat mekanismoren bidez (esaterako, "masa-hedabideen" bidez) gazteria "kriminalizatzen" ari direla salatu zuten eta, bestetik, larrialdi egoera "baliatuta", "kontrol soziala eta poliziaren jazarpena nabarmen hazten" ari direla seinalatu zuten.

Bigarren auzi hori lantzeko, bi saio antolatu dituzte hurrengo asterako, Zarautzen bata eta Zumaian bestea. Hurrengo ostiralean, otsailaren 19an, izango da Zarauzko saioa: Kontrol soziala segurtasunaren izenean hitzaldia. Hain zuzen, "kontrol sozial orokortua" eta horrek "osasun-larrialdiari aurre egiteko estrategia gisa" duen "izaera politikoa" aztertuko dituzte hitzaldi horren bidez. Putzuzulo gaztetxean izango da, 18:00etan hasita.

GKSk protestara deitu zuen Zarautzen joan den larunbaterako, "osasun-hondamendia" eta horri ematen ari zaion "aterabide poliziala" salatzeko. Osasun-krisiari, "osasun-baliabideen horniduraz aurre egin" beharrean, gobernuek "kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez" erantzun nahi diotela adierazi zuten GKSko kideek.