Orbainen azpiko munduen doinua

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 11a, 09:00

Bizipoza elkartearen ‘Mundu berri bat guztiontzat’ diskorako hainbat lan egin ditu Xabier Zabala musikari zarauztarrak. Besteak beste, atzotik ikusgai den ‘Orbainen azpian’ abestia konposatu du.

Hizkuntza unibertsal baten modukoa da musika. Jasotzen duten gehien-gehienei sentimenduak eta emozioak sorrarazten dizkie, baina gutxi batzuk soilik dira horiek transmititzeko gai. Abilezia berezi hori dutenetako bat da Xabier Zabala zarauztarra, eta horren erakusgarri da bere musikari ibilbidea. Bere diskoak plazaratzeaz gain, lan asko egin ohi ditu enkarguz, eta horietako batean (ere) murgilduta ibili da azken urtean. Hain justu, Bizipoza elkartearen aterkipean dagoen Bihotzezen kanpainan hartu du parte. Sortzetiko kardiopatia duten haur eta gazteei eta haien familiei laguntzeko elkartea da Bihotzez, eta arazo hori duten herritarrek ikusgarritasun handiagoa izan dezaten lanean dihardu. 

Bizipozaren Mundu berri bat guztiontzat diskoan hainbat lan egin ditu Zabalak, hala nola Aspanogi eta Aspanovas elkarteen Piraten indarra kantua edo Hiru Hamabi elkartearen Hemen gaude. Disko berean dago entzungai Orbainen azpian abestia. Atzotik ikus daiteke Zarauzko Torreoian grabatutako bideoklipa Youtube plataforman eta, musikariak azaldu duenez, euskarri fisikoan salgai daude diskoa, DVD-a eta liburuxka, kantuen letrekin eta elkarte bakoitzaren azalpenarekin. «Oso produktu landua» plazaratu dute, zarauztarraren arabera.

Enpatia ariketa

Zabalaren lana izan da musikaren bidez islatzea elkartearen lana. Horretarako, Bizipoza elkartean diharduen Leire Elizegiren hitzak ekarri ditu gogora musikariak: «Mundu inklusiboa lortzea posible da, baina horretarako ikusgarritasuna lortu behar duzu eta azaldu behar duzu zein den arazo bakoitza». Zarauztarrarentzat «oso proiektu berezia» izan da Bihotzezekin egin duena. «Beti nahi duzu asmatu egiten duzun musikarekin, baina kasu honetan gehiago. Besteentzat egiten duzunean lan, beste enpatia bat behar duzu». 

Horren beharrezkoa den enpatia hori jorratzeko aurrelanketa egin zuen Zabalak. Elkarteko jendearekin elkartu eta haiek hobeto ezagutu zituen lehenik. «Elkarte hauen atzean arazo asko daude, bizipen asko, eta abestia aurretik egiten duzun prozesu hori, elkarteko jendearekin hitz egite eta ezagutze hori oso gauza berezia da. Asko ikasten da». «Enpatia ona da arlo guztietan, baina gure kasuan beharrezkoa da ondo ulertu behar delako zer den elkartea, zertarako egin behar duzun abestia... Inportantea da beraiek gustuko izatea, erabiliko dutelako eta beraientzako izango delako». 

Nerea Ibarzabal bertsolari markinarra arduratu da Zabalaren doinuei hitzak jartzeaz, eta zarauztarraren arabera, «oso letra berezia eta polita» egin du. Kardiopatia duten haurrek ebakuntzen ondorioz dituzten orbainez eta horien azpiko munduaz mintzo da abestia errepikan: «Mundu bat dut orbainen azpian», dio letrak. 

«Oso gustura» gelditu da Zabala emaitzarekin. Xabi Solanok jarri dio ahotsa abestiari, eta zarauztarrak uste du asmatu dutela egoki islatzen elkartea zer den, eta zer den aldarrikatzen duena. «Oso ondo konektatu nuen Nerearekin, erraz egin genuen lan eta biok oso gustura geratu gara».  Bizipoza diskoa erosgai dago liburutxo batekin, letra guztiekin eta elkarte bakoitzaren esplikazioa. Oso produktu zaindu eta polita da. Bizipoza elkartea sareetan jartzen ari da astean bitan bideoklip bat.

Igandea, ikusarazteko

Otsailaren 14an, datorren igandean, izango da Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Eguna. Bihotzez elkartekoek bizi duten hori gizarteratzeko eta ikusarazteko baliatuko dute abagunea, eta Euskal Herriko hainbat eraikinetan present izango dira. Urola Kostan, esaterako, pankarta jarriko dute Zarauzko udaletxearen kanpoaldean.