Pandemiaren ahotsak

"Ikusgarritasuna irabazi dute herriko komertzioek"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 11a, 09:00
Fatima Cazalis eta Aitzpea Agirrezabalaga. (Utzitakoak)

Zapata denda bat dauka Fatima Cazalisek, eta kosmetika produktu denda bat Aitzpea Agirrezabalagak. COVID-19a zela-eta, iazko udaberrian itxi behar izan zituzten ateak hainbat hilabetez; une horri buruz eta gerora bizi izan dituzten aldaketei buruz mintzatu dira biak.

Kaosa. Fatima Cazalisek hitz hori erabili du iazko alarma-egoeraren hasiera laburbiltzeko, baina gaur egun ere indarra dute kaosaren ajeek, azaldu duenez. Bere izena daraman oinetako denda bat du Cazalisek, Lege Zaharren Enparantzan. COVID-19aren agerpenarekin eta martxoan indarrean sartu zen alarma-egoerarekin, ateak itxi behar izan zituzten saltoki askok eta askok, tartean, zarauztarraren dendak.

"Dagoeneko esku artean genuen eskatutako jenero guztia eta, denda itxi arren, eskatutakoa ordaindu beharra genuen. Hornitzaileei ordainketak atzeratzeko eskatu behar izan genien askok; modu batera edo bestera, aurre egin behar izan genien gastu guztiei", azaldu du Cazalisek. "Egoera hori ikaragarrizko sorpresa izan zen guztiontzat", gehitu du.

Ile-apaindegi eta kosmetika produktuak saltzen dituzte Anderen, eta negozioaren arduradun Aitzpea Agirrezabalagak gogora ekarri du "lasai" zegoela hasieran, "bazirudielako ez zela luzerako izango" larrialdi-egoera. Dena den, denborak aurrera egin ahala "urduritasuna eta estualdia" nagusitu zirela adierazi du. Gainera, bere saltokiaren kasuan, oroitu du "ez zegoela argi ezinbesteko zerbitzutzat jotzen zen edo ez", eta nahasia zela egoera. "Salgai genituen produktuak erosleen etxera eramaten hasi ginen gero, eta nola ahala lortu genuen aurrera egitea".

Aldaketak

Ordutik etorri den guztia ere "oso arraroa" izan dela dio Cazalisek. "Bertan behera geratu dira lehen ohikoak ziren ekitaldi asko, esaterako, ezkontzak", nabarmendu du. Aldaketa horiek, jakina, salmentetan ere eragin dituzte aldaketak; esaterako, konturatu da asko egin duela gora etxeko zapatilen salmentak: "Etxeko zapatila asko saldu genituen iaz, baita oraingo neguan ere". "Etxean eroso egotea" orain bereziki garrantzitsutzat jotzen dela iritzi dio, eta horren isla dela berrikuntza hori. "Beste produktu batzuen salmenta, ordea, hutsean geratu da".

Agirrezabalagaren esanetan, itxiera orokorraren ostean denda berriro zabaldu zutenean, "lehengo salmenta mantentzea" lortu zuten, eta horixe da egungo egoera ere. Uste du ez dela aldaketa deigarririk izan saltzen dituzten produktu motetan eta, azkeneko hilabeteetan egunerokotasuna eta gizarte-bizitza aldatu badira ere, orokorrean ohitura batzuk "mantendu" dituela jendeak. Dena den, hainbat xehetasun aldatu direla aipatu du: "Adibidez, jendeak jarraitzen du ilea tindatzen, baina etxean egitera ohitzen ari dira, ile-apaindegira joan beharrean".

Bestalde, Cazalisek ondorioztatu du lehen handiagoa zela erosketak egitera hiriburuetara jotzeko ohitura  eta, oraingo egoeran, "herrian ere aukera zabala badagoela ikusi" duela "jende askok". "Agian, ikusgarritasuna irabazi dute herriko komertzioek". Iritzi horrekin bat egin du Agirrezabalagak ere: "Herriko jende asko bertaratu da dendara, eta uste dut apustu bat egin dela herriko komertzioaren alde".

Aurki beteko da urtebete COVID-19a zela-eta denda asko zarratu zituztenetik eta, berriro udaberrian sartzeko gero eta gutxiago geratzen den honetan, Cazalisek dio buruhauste ugari izan dituztela aurtengo udaberrirako eskariak egitean: "Aldaketa hauek guztiak eta gero, orain guk ere ez dakigu zer erosi dendarako". "Itxaropenez" begiratzen dio datorrenari, baina uste du "zaila" izango dela egoera, luzaroan. "Hala ere, pasatuko dela pentsatu behar dugu, eta egunero-egunero errepikatu behar diogu hori gure buruari".