Etxepare Rap izango da protagonista hurrengo 'Hitzetik Hortzera' saioan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 12a, 11:13
Imanol Epelde, 'Hitzetik Hortzera' saioan. (Bertsozale Elkartea)

Imanol Epelde zarauztarrarekin elkartu da Eider Perez, eta Etxepare Rap proiektuaren "hastapenez, helburuez eta abestien sormen prozesuaz" aritu dira. Datorren larunbatean emango dute saioa, ETB1en.

Euskal literaturako hainbat testu hartu, eta rap estiloan doinua jarri. Horixe izan da Etxepare Rap proiektuak abestiak sortzeko izan duen formula, helburu nagusi batekin: "letra horiek beste modu batean lantzea" eta euskal literatura modu berezi batean helaraztea. Ofizioz euskara irakaslea baita Imanol Epelde, proiektuaren sortzailea. Besteak beste, Itxaro Bordaren Hango bortu gainetarik, Jon Miranderen Euskaldun zintzoaren balada, edota Arnaud Oihenarten Argia daritzanari bihurtu ditu rap abesti, baita "hainbat bertsolariren testuak eta bertsoak" ere.

Hitzetik Hortzera telebista-programak, hain zuzen, Etxepare Rapi eskainiko dio aste honetako saioa. Larunbatean emango dute ETB1en, eta Epeldek proiektuaren "hastapenez, helburuez eta abestien sormen prozesuaz" esandakoak entzun ahal izango dira bertan. Horretaz gain, "datozen garaietarako" dituen "ideiak" ere azalduko ditu. Zarautzen elkartu ziren Epelde eta Eider Perez Hitzetik Hortzera-ko aurkezlea.