Azken bi asteetan gora egin du intzidentzia tasak Zarautzen

Onintza Lete Arrieta-Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 12a, 13:28

Osakidetzak emandako datuen arabera, Zarautzen zazpi positibo berri baieztatu ziren atzo egindako PCR eta antigeno probetan. Azken bi asteetan hazi egin da 100.000 biztanleko metatutako kasuen tasa herrian: 265,56koa zen duela bi aste, 316,96koa duela astebete eta 364,97koa da orain.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu ditu atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak eta, Zarautzen, zazpi emaitza positibo izan ziren. Azken zazpi egunetan –otsailaren 5etik otsailaren 11ra– 43 kasu berri atzeman dituzte herrian, aurreko zazpi egunetan –urtarrilaren 29tik otsailaren 4ra– baino bat gehiago.

Hain zuzen, honakoa izan da azken zazpi egunetako bilakaera kasu berriei dagokienez: zazpi atzo, bederatzi herenegun, zortzi asteartean, bakarra astelehenean, sei aurreko igandean, hiru aurreko larunbatean eta bederatzi aurreko ostiralean.

Azken bi asteetan gora egin du 100.000 biztanleko metatutako kasuen tasak herrian: 265,56koa zen duela bi aste, 316,96koa duela astebete eta 364,97koa da orain. Hala, eremu laranjan jarraitzen du herriak, baina atzo baino urrunago dago 500eko langatik –intzidentzia tasa 372,64koa zen herenegungo datuekin–.

Urola Kostan hobera egin dute datuek

Dena den, Urola Kostan, pixkanaka bada ere, datuak hobera ari dira egiten, batez ere duela astebeteko datuekin alderatzen baditugu –ikusi beheko zerrenda–. Herenegun baino bost positibo gutxiago baieztatu ziren atzo eskualdean, 15. Duela astebete ez ziren askoz gehiago izan, 20, baina 100.000 biztanleko metatutako kasuen tasari erreparatuz gero, jaitsiera nabarmenak egon dira: Aian 1.057tik 302ra; Azpeitian 1.116tik 630era; Orion 1.272tik 619ra; eta Zestoan 950etik 564ra.

Azken egunean ere hobera egin dute datuek: lehen aipatu bezala Zarautzen bederatzitik zazpira; Azpeitian lau kutsatu ziren herenegun, eta bi atzo; Orion bitik batera pasa dira; eta Zestoan lautik hirura. Zumaian egon da igoera, positibo bat egon zelako herenegun, eta bi atzo, baina tasa gutxi igo da.

Azpimarratzekoa da atzo ere ez zela positibo berririk atzeman hainbat herritan: Aian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Azkoitian, hain zuzen.

Hego Euskal Herrian %5etik beherako positibotasuna

Atzo 15.915 PCR eta antigeno proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta 740 positibo zenbatu ziren guztira –herenegun 781–. 13.575 test diagnostiko egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 643 positibo baieztatu zituzten PCR eta antigeno probetan. 93 positibo berri Araban atzeman ziren, 400 Bizkaian, 139 Gipuzkoan eta 11 hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan. Positibotasun tasa %4,7koa da.

Nafarroan 2.340 proba egin ziren, eta positibotasuna %4,1ekoa da, 97 positibo berri zenbatuta.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 173 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan ingresatuta.

Herriak                     Atzo         Herenegun      Duela astebete

Aia                              0 (302,27)       0 (554,61)          2 (1.057,93)

Aizarnazabal         0 (0,00)            0 (0,00)            0 (0,00)

Azkoitia                   0 (208,63)        0 (267,04)         1  (367,19)

Azpeitia                   2 (630,75)         4 (716,16)          5 (1.116,95)

Beizama                  0 (0,00)             0 (0,00)            0 (0,00)

Errezil                      0 (0,0)               0 (0,00)             0 (483)

Getaria                     0 (70,67)           0 (106,01)          0 (141,34)

Orio                            1 (619,70)          2 (782,78)         5 (1.272)

Zarautz                     7 (364,07)         9 (372,64)         5 (316,96)

Zestoa                       3 (564,97)         4 (564,97)          1 (950,18)

Zumaia                    2 (360,34)         1 (345,99)           1 (447,75)