Inauteriak modu alternatiboan ospatzeko ekitaldiak izango dira gaur eta bihar

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 13a, 09:00

Konpartsaren bideoaz gain, bi ekitaldi eskainiko dituzte Modelo aretoan: Rockalean taldearen kontzertua eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen ikuskizuna.

Ohiko moduan ospatu ezingo badira ere, udalak Inauterietarako hainbat ekintza alternatibo prestatu ditu. Alde batetik, gaur jarriko dute ikusgai konpartsaren bideoa. Parte hartzaileek etxean entseatu eta grabatu dute koreografia aurtengoan, eta dantzari guztien ekarpenekin bideoa osatu du udalak. 12:00etatik aurrera, udalaren web orrialdean egongo da ikusgai. 

Bestalde, bi ekitaldi izango dira Modelo aretoan: Rockalean taldearen kontzertua gaur 19:00etan, eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen Bart non ote nintzen ni? ikuskizuna bihar, igandea, 12:00etan. Buruhandi, erraldoi eta txarangaren faltan, pailazoez gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Bi ekitaldietarako gonbidapenak Modeloko leihatilan jarriko dituzte eskuragai emanaldia hasi baino ordubete lehenago. 

Horiez gain, azken urteetako Inauterietako kartel lehiaketetako lanekin erakusketa egongo da ikusgai gaurtik aurrera Euskalduna tabernan. Normalean, urtean bertan aurkeztu diren lanekin egin ohi dute lehiaketa, baina aurtengoan ez da horrelakorik egin, festarik izango ez delako.