Pukasen surf taula bat, munduko hirugarren onena 'Stab' aldizkariaren arabera

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 14a, 10:28
(@pukassurf)

Taj Burrow surflari australiarrak probatu ditu lehiaketako taula guztiak, eta ebatzi du hirugarren postua ematea Axel Lorentzek diseinatutako oholari.

Stab surf aldizkariak antolatzen duen Stab in the dark lehiaketan hirugarren postua eskuratu du Pukas Zarauzko enpresaren Tasty Treat taulak. Seigarren urtez antolatu du aldizkariak txapelketa, eta aurten hirugarren aldiz sartu da Pukas finalean.

Izen handia duen surflari bat arduratzen da urtero epaile lanak egiteaz eta, aurtengoan, punta-puntako Taj Burrow australiarrak ebatzi du zeintzuk diren taularik onenak, haiekin surf egin eta gero. Zein etxetakoak ziren jakin gabe probatu ditu banaka oholak australiarrak. 

Burrow-k hala erabakita, Pukasentzat lan egiten duen Axel Lorentz taulagile frantziarrak diseinatutako Tasty treat oholak irabazi du brontzezko domina. Hain zuzen, hamahiru parte hartzaileen artean Pukas zen Europako enpresa bakarra.