Gehiago ezin duzunean

Felix Zubia/Berria 2021ko ots. 14a, 08:45

Felix Zubia mediku zarauztarraren iritzi artikulua da ondokoa, Berria-k gaur argitaratutakoa. Hizpide izan du egungo egoerak sorrarazten dion etsipena.

Orain arte, saiatu naiz neure buruaz ez idazten. Baina aste honetan konturatu naiz gehiago ezin dudala, leher eginda nagoela, ahitua, buruak ezin duela gehiago.

Aste honetan ere hogei paziente baino gehiago izan ditugu gure ZIUan. Aste honetan ere hildakoak ikusi ditut, familiak negarrez, pertsonak bakardadean hiltzen. Aste honetan, berriz ere, eguneko hamabost hildako baino gehiago izan arren Hego Euskal Herrian, ez zaigula askorik axola konturatu naiz. Dena estatistika bihurtu dugu, zenbaki hotz, atzetik zenbat bizitza, zenbat sufrimendu, zenbat familia dauden konturatu gabe.

Ikusi dut nola legeak idazten dituenak ez dituen betetzen, nola epaile batek medikuok baino gehiago dakiela pentsatzen duen. Ikusi dut nola kalean ez diren neurriak betetzen, nola pilatzen den jendea. Ikusi dut, berriz ere, nola denok uste dugun gure jarduera ziurra dela, ez dagoela kutsatzeko aukerarik, eta, beraz, ez dugula neurri murriztailerik behar. Inor ez da ezeren arduradun.

Ikusi dut nola dabiltzan alderdi politikoak xextran, eztabaidan, elkarri mokoka, pandemia honetan ere elkartasuna eta elkarri laguntzea bilatu beharrean.

Aste honetan ere, hogei bat komunikabidek deitu didate, denek ere antzeko galderak eginez. Haietako galdera asko aurrez aipaturiko xextra hauspotzeko eginak, saltsa bultzatuz, guk egunero dugun egoera azaldu beharrean, edo azaltzeko aitzakian.

Jarraitu artikulua irakurtzen Berria-ren atari digitalean.