Sei kasu berri zenbatu dituzte Zarautzen azken hiru egunetan

Anartz Izagirre 2021ko ots. 15a, 13:32

Urola Kostan nabarmen egin dute behera positiboek, eta gaur-gaurkoz ez dago eremu gorrian dagoen herririk. Kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte: sei. Hego Euskal Herrian ere positiboen kopurua jaisten ari da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak azken hiru egunetako positibo kopuruen emaitzak plazaratu ditu, eta azken asteetako daturik baikorrenak izan dira Urola Kostari dagokionez. Ostiraletik igandera bitartean hamalau herritarrek eman zuten positibo eskualdean egin ziren PCR eta antigeno probetan, joan zen asteko asteburuan baino bederatzi pertsona gutxiagok, hain justu. Horietatik sei Zarautzen atzeman zituzten: ostiralean bi, herenegun hiru eta atzo bat. 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 316 da uneotan Zarautzen. Eremu laranjan dago herria oraindik, baina pixkanaka-pixkanaka beherantz doa intzidentzia tasa.

Eskualdera begira jarrita, berriz, daturik esanguratsuena da gaur-gaurkoz ez dagoela herririk eremu gorrian. Asteburuan kasurik gehien zenbatu dituzten eskualdeko bigarren herria Azpeitia izan da; ostiralean kasu bat zenbatu zuten, larunbatean bi eta atzo bat ere ez. Astebetean nabarmen egin dute behera positiboek Azpeitian, eta gaur-gaurkoz 420,50eko intzidentzia tasa dute. Joan zen astelehenean 873,85ekoa zen tasa, eta eremu horrian zegoen herria; beraz, jaitsiera agerikoa izateaz gain pozik egoteko moduan dira azpeitiarrak, hainbat aste eremu gorrian egon ostean eremu laranjara igaro baitira.

Orion ere duela astebete baino emaitza baikorragoak izan dira; izan ere, hiru egunetan kasu bakarra zenbatu dute bertan. Eremu gorritik laranjara igaro da Orio ere, eta gaur-gaurkoz 472,93 da hango intzidentzia tasa. Beraz, nabarmen jaitsi da tasa astebetean, joan zen astelehenean 1.288,32koa baitzuen.

Azken hiru egunetan kasu positiboak egon diren beste herriak Azkoitia, Errezil, Zestoa eta Zumaia izan dira. Herri horietan positibo bana zenbatu dute ostiraletik igandera bitartean. Azkoitia da eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietan intzidentzia tasarik baxuena duen herria; 166,90 da hango tasa eta eremu horian dago. Bestalde, Zumaia ere eremu horian dago 213,70eko tasarekin; horrez gain, Zestoan 487,93ko tasa dute eta Errezilen 161,03koa. Aian, Aizarnazabalen Beizaman eta Getarian ez da kasurik izan azken hiru egunetan.

Hego Euskal Herrian, argia

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian ere positiboen kopurua beheranzkoa izan zen atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 418 kasu zenbatu zituzten, horietatik 270 Bizkaian izan ziren, 91 Gipuzkoan, 51 Araban eta sei hiru lurralde horietatik kanpo. Guztira, 7.550 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo hiru lurralde horietan, eta positibotasun tasa %5,5ekoa da. ZIUetan, berriz, 170 pertsona daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz, eta, atzo, 38 ospitaleratze izan ziren Osakidetzan.

Nafarroan, berriz, 1.202 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo eta 48 pertsonak eman zuten positibo. Joan zen uztailaren 30etik lurralde historiko horretan hautematen duten daturik apalena da atzokoa, eta %4ko positibotasun tasa dute uneotan.