Artea eta mitologia, kultura-aniztasuna balioan jartzeko

IƱigo Gaiton 2021ko ots. 16a, 10:00

'Lamiak eta lloronak' erakusketa inauguratu zuten atzo arratsaldean, Zarauzko Merkatu plazako lehen solairuan. Atzerritik etorritako kontalarien eta euskal artisten arteko elkarlanetik sortu dira ikusgai dauden artelanak. (Bideoa ikusgai behean)

Ongi Etorri Eskolara udal proiektuak sustatu duen ekimena da 'Lamiak eta lloronak' erakusketa, eta ikusgai dago atzotik Zarauzko Merkatu plazako aurreneko solairuan. Kultura desberdinetako bizilagunen eta margolarien arteko elkarrizketa sustatzeko xedearekin antolatu da egitasmoa.

"Margolariek atzerritarrek kontatutako kondairak izan dituzte inspirazio iturri. Bien arteko elkarrizketa horiek, modu sinbolikoan bada ere, kulturen arteko hartu-emanaren, ezagutza trukearen eta aitortzaren adibide dira. Erakusketaren helburua da kultur aniztasuna eta kulturen arteko harremanak ikusaraztea eta balioztatzea, artearen bidez bizikidetzarako bideak eraikiz", azaldu zuen Iratxe Zorrozua Zarauzko Udaleko Immigrazio eta Aniztasun zinegotziak.

Besteak beste, Cuba, Venezuela, Sahara, Maroko edo Senegalgo kondairetan edo pertsonaia mitologikoetan oinarritutako artelanak topatuko ditu ikusleak erakusketan. Horrrez gain, artelanek azpian duten QR kodigoaren bidez, Ongi Etorri Eskolaren webgunea bisitatu eta, han, kondairak jatorrizko hizkuntzan —eta itzulita— entzuteko aukera izango da, baita narratzaileen eta artisten ahotsa ezagutzekoa ere.

Zorrozua zinegotziaren ondoren Esti Iregik hartu zuen hitza, Ongi Etorri Eskolara proiektuko koordinatzaileak: "Artelanak lehengo urtean egin zituzten Andoain, Ordizia eta Zarauzko artistek, eta iaz, sortzaile bakoitzaren obra bere herrian jarri genuen ikusgai". Aurten, iazko esperientzia oinarri hartuta, artelan guztiak elkartuta osatu dute erakusketa; ibiltaria izango da, Zarauztik beste udalerrietara mugituko dutelako gero. Iregik gehitu zuenez, kultur anitzetako pertsonen artean harremanak sortzea da haien helburua, harreman horiek jendartearentzat "eredu" izan daitezen.

Sorkuntza prozesuari dagokionez, kontalariek audioz grabatu zituzten haien herrialdeetako kondairak, eta artxibo horiek margolariei bidali zizkieten gero, hauek artelanak margotu zitzaten. Hasiera batean, "kontalariak eta artistak elkartzeko helburua" zuen egitasmoak, baina izurriteak galarazi egin zituen topaketa horiek. Atzo, aurkezpenean, parte hartzaile batzuk elkartzea lortu zuten antolatzaileek, eta ez dute baztertzen aurrerago topaketa zabalago bat egitea.

'Lamiak eta lloronak' erakusketa otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai, eta hau izango du ordutegia: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.