Zarauzko udal bulegoetako langileek hainbat lan baldintza hobetzea lortu dute

ELA sindikatuak eta OHL Servicios-Ingesan enpresak aurreko astean sinatu zuten hitzarmen berria, bost urterako. Besteak beste, langileen oinarrizko soldata igotzea adostu dute. Salatu dute, hala ere, nabarmena dela oraindik garbiketaren sektorean bizi duten "genero arrakala".

Lan baldintzetan hainbat aldaketa izango dituzte Zarauzko udal bulegoetan garbiketa lanetan aritzen diren langileek. "Negoziaketa luzeak izan ostean", ELA sindikatuak eta OHL Servicios-Ingesan enpresak otsailaren 10ean sinatu zuten enpresa hitzarmen berria, eta bost urtez izango da indarrean, 2020tik 2024ra arte.

ELAren esanetan, akordioan jaso dute beharginen oinarrizko soldata KPI +%1,3 igotzea, %2,3ko zoruarekin. Bestalde, plusak "konpentsatu eta xurgatu ezin diren kopuruak" izango direla aurreikusi dute hitzarmenean eta, beraz, "kontuan hartuko dira" adostutako soldata igoerak ezartzean. Aldaketa horiekin, 2021. urtean 24.216,9 euroko soldata izango dute langileek.

Ordaindutako lizentziei lotuta, akordio berriaren arabera, "norberaren aukerako" jaiegun ordaindu bat izango dute langileek. ELAk dio "langile guztien urteko lanaldia murriztea" dakarrela horrek, "de facto".

Lan kontratu finkoak eta aldi baterakoak dituztenak kontuan hartuta, 44 langilek jarduten dute Zarautzen udal bulegoak garbitzen. Horien artean 43 dira emakumezkoak, eta bat gizonezkoa.

%28tik gora

Zarautzen lortutako hobekuntzak "pozgarriak" direla iritzi dio sindikatuak. Hala ere, azpimarratu du oraindik nabarmena dela, lan baldintzei dagokienez, garbiketaren sektorean bizi duten "genero arrakala". Gehienak emakume langileak diren arloak eta gehienak gizonezko langileak diren arloak –esaterako, kale garbiketa– konparatuz gero, aldea "%28tik gorakoa" dela azaldu du ELAk.