"Hutsune bat betetzera gatoz"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 18a, 10:07

Horren kutuna duten soul musikari aire berritzailea eman diote Lidia Insaustik eta Mikel Makalak. Hutsuneaz ohartuta, euskara hutsean sortzen dituzte abestiak. 

Batak bestearen berri bazuen aspalditik, bazekien bestea zertan ibiltzen zen eta elkar ikusi zuten kontzertuetan nahiz pintxadetan. Azkenean, erdi txantxetan esaten zuten «egunen batean taldea osatu behar dugu» hura egia bihurtu da. Arima Soul taldea sortu zuten Mikel Unzurrunzaga Makalak eta Lidia Insaustik 2019an, hasieran «konpromisorik gabe, zer gertatzen zen ikusteko». Poliki-poliki, ikusi zuten «nahasketa interesgarriak» lortzen ari zirela eta egun proiektua osatzen duten beste bi kideak gehitu ziren aurrerago taldera: Paul San Martin teklatuan eta Hilario Rodeiro baterian. 

Egindako lanak fruituak eman ditu, eta beraien bost abestiz osatutako lehen EParen promozioa egiten dihardute egun. «Bitxikeria gisa», gainera, bost abesti horien bertsio instrumentalak ere sartu dituzte EPan, «opari». Pandemiak asko zaildu dio aurkezpen bira soul laukoteari, ordea. Dena den, Zarautzen taldea zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango da apirilaren 16an, Modelo aretoan. Sarrerak salgai daude atzotik, Modeloko leihatilan nahiz kutxasarrerak atarian, online.

Musika munduan arituak dira Insausti eta Makala proiektu honekin hasi aurretik. Donostiarra da Insausti, eta musikan egin duen ibilbidea «motza baina askotarikoa» da bere esanetan. Hemezkortzi urterekin bere lehen soul banda izan zuen, eta sei urtez aritu zen bertako abeslari. Beste hainbat proiektutan ere kolaboratu du, hala nola Ghost Number and His Tipsy Gypsiesekin edo Jexuxmai Lopetegirekin. Duela lau urtetik Ispirit eta Prayer taldeetan abesten du,eta Arima Soul gehitu zaio orain bere proiektuen zerrendari. 
Mikel Makala, berriz, Arima Soul taldeko baxu-jotzailea da, eta atzera begira jarrita, ibilbide luzea izan du musika munduan. Zehazki, hiru hamarkada daramatza unibertso horretan. «Disko jartzaile aritu naiz batez ere, irratiko esatari, antolatzaile, besteak beste, Zarauzko Adarretatik jaialdian, baita  musika ekoizle ere». 

Azaldu du «gozada bat» dela Insaustirekin proiektua elkarbanatzea. Loreak bota dizkio haren talentuagatik: «Bere ahotsa entzuteak sekulako dardara sortzen dizu. Indarra dauka, soul musika ondo ezagutzen du eta proiektu honetan tandem polita egiten dugu». Zalantzarik gabe, beraz, ilusioz dihardute biek ala biek. 


Euskara hutsa erronka

Makalari bururatutako doinu eta erritmoei hitzak jartzeaz arduratzen da Insausti. Badauka esperientzia letragintzan Zarauzko bizilagunak, baina sekula ez zen euskaraz konposatzen jardun aurretik. Normalki beste hizkuntza batzuetan abestu izan du, ingelesez nahiz frantsesez, esaterako.

Makalak dio «erabaki garrantzitsua» izan zela taldearentzat euskara hutsean abestearena. Mugarria izan zen, erronka handia zelako Insaustirentzat. «Ni ohituta nengoen ingelesez konposatzera nahiz eta ingelesa ez izan nire hizkuntza. Egiten nuen entzuten nuen musikagatik, eta 60ko eta 70eko hamarkaden influentzia handia daukadalako. Beti pentsatu izan dut musikalki errazago eta politagoa izango zela ingelesez konposatzea».

Euskara hutsean idaztearen proposamena jaso zuenean apur bat beldurtu bazen ere, egiten joan ahala, ikusi zuen Insaustik modu horretan «publikoarekin zerbait berezia» lor zezaketela. «Konexioa desberdina da. Badago musika mota hau entzuten duen publikoa, eta aldi berean euskaraz eginez gero, zerbait berezia egin genezakeela ikusi nuen». Ildo beretik, «hutsune bat betetzen» ari direla azaldu du abeslariak, genero hori ez delako askorik lantzen euskaraz. «Aldi berean, hemendik kanpo jo behar dugunean, zerbait exotikoagoa egiten ari garela dirudi».

Euskal Herrian soul musikak tradizio handirik izan ez badu ere, badu erreferenterik laukoteak. Irratian egindako lanak eman dion esperientzia baliatuta azaldu du Makalak: «Bai, Euskal Herrian egin da soul musika. Agian, ez guztiz modu ortodoxoan, fusio asko daudelako. Adibidez, jamaikar musika asko dago, baina beti nahasten da beste estiloekin, eta jamaikar musikak ere baditu soul ukitu batzuk». Artista bat azpimarratzekotan, hori Afrika izango litzatekeela azaldu du zarauztarrak. Entzun diskoa plazaratu zuen hark 2004an, eta «guztiz soul» musika sartu zuela azaldu du zarauztarrak. «Lidiak esan duen bezala, hutsune bat betetzera gatoz. Pentsatzen dugu soul musika mundu mailan aski ezaguna dela eta aski zabalduta dagoela eta, beno, zergatik ez hemen ere egin euskaraz soul musika?»


Eszenatoki motak

Musika talde batentzat gakoa da publikoarekin hartu-emana lantzea. Lotura horiek asko aldatzen dira formatuaren arabera, eszenatoki motaren arabera. Horren inguruan galdetuta, formatu handian nahiz intimoagoan eroso egoten dela dio Insausti abeslariak, baina hautatzekotan, txikia du nahiago. «Normalean publiko txiki batekin intimotasuna lortzen dudala uste dut. Jendearekin gertutasun hori izatea polita iruditzen zait. Leku handi batean oso show polita, handia eta bisuala izan daiteke eta alde ona du, baina nire izaeragatik jendea gertu izatea gehiago gustatzen zait».

Orain, ordea, oholtza txiki nahiz handietan emanaldian eskaintzeko zailtasunak dituzte musikariek. Diskoaren aurkezpen bira egitea gustatuko litzaieke, baina, momentuz, Donostian soilik aurkeztu dute beren lana. Modeloko kontzerturako «irrikitan» daude, eta hemendik hilabete batzuetara hitzordu gehiago lotuko dituzten  itxaropena dute.