Gela kultur hedapenerako programaren barruan, bihar ere izango da analisirako parada Photomuseumen. Jakob Wassermann eleberrigilea eta haren lanak aztertuko dituzte oraingoan, eta astero izan ohi den modura, 18:00etan emango diote hasiera saioari. Doakoa izango da sarrera.
Gela programaren arduradunek azaldu dutenez, egile austriarra maiz alderatu dute Fiódor Dostoyevskirekin, "bi zentzutan": "bere suhartasun moralagatik eta bere joera sentsazionalistagatik". "Wassermann justiziaren gaiarekin obsesionatutako idealista bat zen", gaineratu dute.
Haren lanik ezagunenen artean daude, esaterako, Nire bidean alemaniar eta judu bezala, Antzarren gizontxoa eta Caspar Hauser: Die Trägheit des Herzens. Gela programaren arduradunek diote "epikoa eta ugaria" zela idazlearen prosa.