"Euskal Herrian ongien mantendutako" naturaguneak izango dira ikusgai asteartean, Modelon

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 18a, 17:30

Arkamurkak naturaguneei buruzko saio berezi bat prestatu du hurrengo astearterako, dokumental emanaldi bat eta solasaldia uztartuta. Iñaki Aizpuruak parte hartuko du.

Modelo aretoak emango dio aterpea Arkamurka Natura Elkarteak antolatu duen hurrengo saioari. Asteartean, otsailak 23, izango da, 19:30ean. Naturaguneak izango dituzte hizpide oraingo honetan eta, horretarako, Iñaki Aizpurua biologoa gonbidatu dute. Lehenengo, dokumental emanaldi baten bidez, "Euskal Herrian ongien mantendutako" naturaguneak ikusteko aukera izango da eta, gero, solasaldirako tartea irekiko dute.

Arkamurkako kideek azaldu dutenez, Natura 2000 Sarearen inguruan ere jardungo dute astearteko lanketan. "Europa zeharkatzen duen balio ekologiko handiko naturaguneen sare bat da" Natura 2000 Sarea, Europako "lurralde osoan biodibertsitatea babesteko egindako apustu nagusia". Arkamurkaren esanetan, "Europako Batasuneko kontserbazio bitarteko nagusia da, eta, era berean, sarearekin zuzenen lotutako giza populazioen garapen jasangarria bultzatzeko aukera eskaintzen du".