Zarauzko Udalbatzak urtarrilean eman zion hasierako onespena TAO sisteman zenbait aldaketa egiteko proposamenari. Alde bozkatu zuen Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE), baina aurka agertu ziren EH Bildu eta Podemos Equo-Berdeak. EH Bilduk "kezka" adierazi du onetsi berri diren aldaketak direla-eta. Uste du "presioa handituko" litzatekeela 1. gunetik gertu egongo diren 2. guneko auzoetako aparkalekuetan eta, gainera, "autoaren erabilera sustatuko" lukeela, besteak beste, "trafikoa handituz eta mugitzeko modu jasangarriagoei traba eginez".
"Aparkalekuen arazoa konpontzeaz gain", TAO sistemak "ibilgailuen erabilera arduratsua eta jasangarria bultzatu" beharko lukeela ere azaldu du EH Bilduk, baina uste du ordenantza aldaketak ez duela "bigarren ikuspegi hori kontuan hartzen". Hortaz, aurreikusi du "mugikortasun jasangarriaren helburua lortzeko eraginkortasuna galduko" lukeela TAO sistemak, eta "atzerapauso nabarmen bat" izango litzatekeela "herritarren ohiturei" dagokienez.
EH Bilduko kideek, beraz, ondorioztatu dute "mugikortasunaren helburu nagusiak alde batera uzten" dituela Udal Gobernuak onetsi duen ordenantza berriak, eta "auto erabiltzaileei gustua ematea bakarrik" bilatzen duela.
Parte hartze prozesua
Bestalde, salatu dute modu horretako "aldaketa esanguratsu batek bere prozedura bete" beharko lukeela. Hortaz, Udal Gobernuari eskatu diote "herritarren iritziak jasotzeko parte hartze prozesu bat abiatzeko", bai orain indarrean sartuko liratekeen aldaketen inguruan, bai aurrerantzean auzi honen inguruko erabakiak hartzeko. Azaldu dute, izatez, hala agintzen duela "administrazio publikoko prozedurari buruzko urriaren 1eko 39/2015eko 133. artikuluak".
Bitartean, "mugikortasun jasangarriaren ikuspegia alde batera ez uzteko" eta ordenantza aldatzeko proposamena atzera botatzeko eskatu diete Udal Gobernuko kideei. Aldi berean, dei egin diete "herritar guztiei" udaletxean "alegazioak aurkeztera".