Urtarrilean hasi zituzten mobilizazioak Haurreskolen Partzuergoko zentroetan ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, eta aste honetakoa bigarren zatia izango da; joan den hilaren 25ean eta 27an egin zituzten aurreneko bi grebak. Haurreskolak Partzuergoaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko arduradunen "negoziatzeko borondate eza" salatu dute deitzaileek, eta "langileen baldintzak okertu ez ezik, partzuergoa bera arriskuan jartzen duten aldebakarreko erabaki politikoak" kritikatu dituzte.
Sei eskari nagusi aldarrikatzeko deitu dituzte hiru greba egunak gaur, bihar eta etzi: "Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen norbera babesteko ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa ere gehitzea; eta aurrekontua handitzea".
Bihar eta etzi, gutxiago greban
Zarauzko Haurreskolan langileen %56,25ek egin dute bat grebarekin gaur, baina behargin batek HITZAri azaldu dio datozen bi egunetan gutxiagok egingo dutela greba. Izan ere, hezitzaile batzuek adierazi dute ekonomikoki ezin dietela aurre egin hiru eguneko soldata galtzeari. Hala, bihar %44,45ek egingo dute greba, eta etzi, berriz, %15,79k.
Gaur nabaritu dute grebaren eragina ume kopuruan ere, normalean baino ume gutxiago eraman dituztelako haur eskolara.
Hemezazpi hezitzailek egiten dute lan Zarauzko Haurreskolan.