Udal baratzeen ordenantza aldatzeko proposamenak jasoko ditu udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 22a, 13:52

"Berrikusi eta eguneratu" egingo dute 2010etik indarrean den ordenantza. Gaurtik hasita, hamabost eguneko epea izango da proposamenak helarazteko.

Zarauzko Udalak 2010ean onartu zuen udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautzeko ordenantza. Indarrean da ordutik, baina "berrikusi eta eguneratu" egingo du udalak, "emakiden kudeaketa arintzeko", "ekimen eta behar berriak txertatzeko" eta "erabiltzaileen eskaerak asetzen dituen ordenantzaren berrikuspena lortzeko".

2010eko ordenantzaren bidez "100 lursail baino gehiagoren emakida ebatzi" zela azaldu du udalak. "Gaur egun gehienak erabiltzen ari dira, eta aktiboak dira", dio. Dena den, ordenantza berriak "lehen zozketaren izaera hori galdu" beharko lukeela uste du, kontzesioen "berritzean eragiteko".

"Itxarote-zerrendan dauden eskatzaileen emakida azkarra lortzea" ere izan beharko luke helburutzat ordenantza berriak, udalaren iritziz. Bestalde, "baratzeen erabilpenari buruzko irizpideak eguneratzea eta zehaztea" ezinbestekotzat jo du; besteak beste, "animalien debekua, ureztapena, herbiziden erabilpena, konpostagailuak, hondakinak, ibilgailuak", eta abar.

Ordenantza berria osatzean, 2010ean onartutako ordenantza indargabetuko litzateke.

Proposamenak

Udal baratzeen ordenantza aldatzeko proposamenak egin ditzakete zaraztarrek, udalaren webguneko Parte hartu atalean. Gaurtik hasita, hamabost eguneko epea izango da ekarpenak helarazteko.