'Leihotik mundura' diskoa kaleratu du Serge-ek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 23a, 09:00

Zortzi abestiz osatutako diskoa aurkeztu du Serge-ek. Hark sortu ditu doinu nahiz hitz gehienak. "Norbere iparrorratza erabiltzearen hautua egin du, bere odol eta izerdiz idatzitako abestiekin, gainezka egiten zieten sentimenduekin, askoz ere proiektu pertsonalagoan", azaldu du Aritz Mutiozabalek musikari zarauztarraren lan berria aurkeztean.

Eraso! musika taldean urte luzez lehen lerroan aritu ostean, Serge-ek Enarak itzuli dira lanarekin ekin zion bakarkako ibilbideari. Gari Berasaluzek idatzitako olerkiei musika jarrita osatu zuen estreinako diskoa, baina urrats berri bat egin du oraingoan artista zarauztarrak. Zortzi abesti berri ondu ditu, baina doinuak nahiz hitzak berak landuta –kantu batean izan ezik, Berasaluzerenak baitira hitzak beste behin–, eta argitara eman du emaitza dagoeneko: Leihotik mundura.

Serge-ek iazko udan grabatu zuen diskoa Zestoako Gaztain Estudioetan. Aste honetan hasiko da abesti berriak Euskal Herrian barrena aurkezten; hain zuzen, Munitibarren, Lekunberrin, Bilbon, Añorgan eta Gasteizen egingo ditu aurkezpenak, otsailaren 26tik apirilaren 22ra bitartean.

Hona hemen Aritz Mutiozabalek, aurkezpen modura, Leihotik mundura diskoaren inguruan egin duen idatzia:

"Atzo enarak itzuli baziren, gaur joan egin dira. Udazkena da Serge-en bihotzaren leihotik begiratuta ikus daiteken paisaia, euritsua eta orbelez estalia. Udazkena da disko berria entzun ondoren uzten duen gorputzaldia. Aldarte berarekin sortu eta zaildutako lana da honakoa: urte zail honek baldintzatutako ondorioak jasan ditu musikariak eta barruko malkoak isurtze aldera, sormena bihurtu du ihesbide zintzo. Etxeko leiho ondoan, bere talaiatik begira, inguruan gertatzen denari hitzak eta doinuak jarri dizkio. Orain, Leihotik mundura partekatu nahi duena.

Lan berriarekin pauso erraldoi bat eman du Serge-ek. Gari Berasaluzeren olerki sortarekin ondutako Enarak itzuli dira estreinako diskoarekin abiatu zuen bere bakarkako hegaldia. Orain, aldiz, norbere iparrorratza erabiltzearen hautua egin du, bere odol eta izerdiz idatzitako abestiekin, gainezka egiten zieten sentimenduekin, askoz ere proiektu pertsonalagoan. Edonola ere, Berasaluzeren olerki bat berreskuratu du, lehen aldi hartakoa, Amaitu gabeko puzzleak izenez diskoan txertatu duena.

Debuteko lanean bezalaxe, Zestoako Gaztain estudioan aritu da grabatzen Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, ekaina eta uztaila bitartean. Zortzi dira Leihotik mundura osatzen duten abestiak: Aintzira izoztuak, Dena itzaliko bagenu, Mezua, Maleta prest, Gorde itzazu malkoak, Amaitu gabeko puzzleak, Keak iraun bitartean eta Bukaeraren hasiera. Entzulea konplize eta bidaide hartzeko adina indar duten istorioak dira, luma delikatuarekin eta poetikoarekin idatziak. Zalantzarik gabe, inoren barrenak inarrosteko gai den emaitza plazaratu du.

Serge-en abestiei mina darie, loa kentzen duen min garratz hori. Nostalgiara daramana, oroitzapen tristeetara igeri egiten duena, bat-batean apurtu den orainaldi horren hormara, bukaeraren hasierara... Musikariaren barne borroka intimoa sorrarazi du horrek guztiak. Izan ere, gordinegia da askotan bizitza, eta hori da une honetan kudeatzea tokatu zaiona. Bere doinuek, ordea, badute argi izpirik behelaino artean. Itxaropenari zabalduta dagoen leihoa ere bada mundura atera duena, udaberrian berriro enarak itzul daitezen. Baldin eta inoiz joan badira...

Esperantza hori diskoaren azalak ere erakusten du, eta Serge-en alabetako batek eginiko marrazki koloretsuan oinarrituta dago. Eraikuntzak diruditen zutabeak dira, hainbat leihoz hornituak, baina kolore bizi-biziekin. Aitak bere musikarekin nagusiki proposatzen dituen malkoei eta hostoei kontrapuntua eman nahian. "Ate hau betirako itxi nahian nabil, ea bihar ez den ikusten zabalik, urtaro berri bat gure inguruan dabil, bizirik sentitzeko kolore berriz" (Aintzira izoztua)."