Konfinatuta daude Zarautz Rugby Taldeko jokalariak, baina negatibo eman dute denek

(Jon Ander Vildosola)

Asteburuan aurkari izan duten taldeko jokalari batek PCR proban positibo eman ostean, etxean dira Zarautz Rugby Taldeko jokalari guztiak, hala jasota baitago protokoloan. Hala ere, jakitera eman dute negatibo eman dutela guztiek.

Sare sozialetatik zabaldutako ohar baten bidez jakitera eman du Zarautz Rugby Taldeak konfinatuta daudela etxean taldeko jokalari guztiak. Azaldu dute larunbatean Astiko Errugbi zelaian jokatutako partidaren ostean, positibo eman zuela PCR proban zarauztarren aurka jokatu zuen Universitario Bilbao Rugby taldeko jokalari batek.

"Osasun protokoloak eta Espainiako Errugbi Federazioaren protokoloak" jarraituta, Zarautz Rugby Taldeko jokalari guztiak konfinatuta daude orain beren etxeetan. Azaldu dute denak ongi daudela osasunez eta atzo egindako PCR probetan negatibo eman dutela guztiek. Dena den, etxean egon beharko dute hurrengo proba egin eta Osasun Sailak kalera irteteko baimena ematen dien arte.

Amaitzeko, "bete beharreko osasun premisekin konpromisoa" azaldu nahi izan du Zarautz Rugby Taldeak oharrean.