Osasun Sailak positibo bakarra atzeman du Zarautzen

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 25a, 13:42

Zarautzek eremu horian jarraitzen duen arren, gaur-gaurkoz 200 azpitik dago intzidentzia tasa.

Apaltzen ari da kasu positiboen kopurua. Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo positibo bakarra zenbatu zuten Zarautzen egindako PCR eta antigeno probetan, herenegun baino bi gutxiago. 200eko langatik behera kokatu da kasu metatuen tasa, 175,61ekoa baita atzoko datuak kontuan hartuta. Dena den, piztuta jarraitzen du semaforoko argi horiak.

Urola Kostako herrietan, guztira, zazpi kasu positibo izan ziren atzo. Herenegun baino sei gutxiago dira, eta azken datu horrekin baieztatu daiteke intzidentzia tasaren beheranzko joera ia herri guztietan. 

Azkoitian positibo bat zenbatu zuten atzo; bi herenegun. Intzidentzia tasak zertxobait gora egin duen arren, kopururik apalena herri horretan dute: 66,76koa da tasa, eta eremu berdean jarraitzen du. Zarautzek bezala, eremu horian jarraitzen dute, bestalde, Azpeitiak, Oriok eta Zumaiak. Orion positibo bakarra zenbatu zuten atzo, eta 179,39ko intzidentzia tasa du. Azpeitian ez zuten kasu positibo bat bera ere zenbatu, eta beraz, behera egin du nabarmen tasak; 170,83koa da gaur. Zumaian, berriz, bi positibo atzeman dituzte, eta hamar puntu igo da tasa –172,99koa zen atzo; 183,17koa gaur–.

Gainontzeko bi positiboak Getarian eta Zestoan atzeman zituzten, bana herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Positibotasuna %4tik behera

Hego Euskal Herriko datuak ere jakinarazi dituzte Osasun Sailak eta Osasunbideak. Guztira, 11.916 proba egin zituzten herenegun, eta horietatik 468k eman zuten positibo. Emaitza positiboen ehunekoa, beraz, % 3,9koa da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233. Gipuzkoan 103 izan ziren atzemandako positiboak, Araban 65 eta Nafarroan 63. 

Erietxeetan ere hobera egin du egoerak, eta jaisten ari da presioa. Osakidetzan gaitza larriagotuta ospitaleratutakoak guztira 332 dira; horietatik 57 ospitaleratu zituzten herenegun. Zaintza Intentsiboen Unitatean daude 129, atzo baino hiru gutxiago.