Martxoaren 8aren harira hainbat ekimen prestatu ditu Koordinadora Feministak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 25a, 19:51

Martxoaren 7an emango diote hasiera egitarauari, Kaleak okupatu! ekintzarekin. Manifestaziora deitu dute Martxoaren 8rako, eta bestelako jarduerak ere antolatu dituzte martxoaren 25era bitartean.

Gero eta gutxiago geratzen da Martxoaren 8rako, eta Zarauzko Koordinadora Feministak argitara atera du jada egun horren harira prestatu duen egitaraua. Martxoaren 7an ekingo diote lanketari, hain zuzen, Kaleak okupatu! ekimenaren bidez. 12:00etan hasita, herriko bi gune hartuko dituzte igande horretan, malekoia eta Munoa plaza, eta 13:00etan elkartuko dira guztiak Munoan. Arratsalde horretan, Putzuzulo gaztetxean jarri dute hitzordua: Cecilia Paynen kontzertua izango da 18:00etan –ordubete lehenago jarriko dituzte salgai sarrerak, Putzuzulon bertan–.

Hurrengo eguna izango da Martxoaren 8a, eta manifestaziora deitu du Koordinadora Feministak, 18:30ean udaletxe aurretik hasita.

Solasaldia eta emanaldiak martxoan zehar

Bestalde, beste hiru zita ere izango dira hurrengo asteetan. Martxoaren 11n En tránsito dokumentala emango dute Modelo aretoan, 18:30ean –18:00etan egongo dira eskuragai sarrerak–. Hego Amerikatik migratu duten emakumeen errealitatea jasotzen duen ikus-entzunezko lana da, Oskar Tejedorrek zuzendutakoa. Martxoaren 13an, aldiz, solasaldi bat egingo dute 17:00etan Putzuzulon, Mujeres migradas que sostienen cuidados en Gipuzkoa izenpean. Katia Reimbergek, Candida Rivasek eta Liliam Elizabeth Torresek hartuko dute parte saio horretan, hizlari modura.

Martxoaren 25ean itxiko dute egitaraua Koordinadora Feministako kideek, beste dokumental baten emanaldiarekin, Modelon. Zauriak izango da ikusgai orduan, 18:30etik aurrera –18:00etan jarriko dituzte salgai sarrerak–. "Eromena, gaizkiegonak eta osasun mentala ikuspegi feminista batetik" jorratzen duen lana da Zauriak, egileen arabera.