'Infodemia pandemia garaian' izango da ZarautzOnen hurrengo saioa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 26a, 09:00
(ZarautzOn)

"COVID-19ak alor desberdinetan izan duen eragina" aztertzeko hainbat saio ditu esku artean ZarautzOnek. "Infodemia" izango dute hizpide datorren astearteko hitzaldian, Charo Sadabaren eskutik.

ZarautzOn aurrera doa urteko aurreneko sei hilabeteetako lanketarekin. "COVID-19ak alor desberdinetan izan duen eragina" landuko du ziklo honetan, eta Miren Basarasekin txertoaren inguruan hausnartu ostean, bigarren saioaren berri eman du jada. Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko dekano Charo Sadaba izango da hizlaria hurrengo hitzaldian, eta "infodemia pandemia garaian" aztertuko du.

"Azken hilabete eta urteetan komunikatzeko molde eta moduak eraldatu" direla adierazi dute ZarautzOneko kideek, eta gaur egungo fenomeno modura aipatu dituzte "informazio gaindosia", albiste faltsuak, "beldurra eta konfiantza falta" edota sare sozialak. Hori guztia izango dute hizpide Sadabarekin, eta "komunikabide eta pantailen bidez" igortzen den "informazio guztiaren aurrean" "pentsamendu kritiko bat nola eratu" ere azalduko du.

Datorren asteartean, martxoaren 2an, izango da saioa. Online egingo dute, 19:00etan, NireStream telebista katean nahiz Youtube kanalean.