Bihar hasiko du denboraldia Jira-Birak Zumaian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 26a, 12:00
(Martin Early)

Ipar Euskal Herrian hainbat probatan atera badira ere, Hegoaldeko denboraldia bihar hasiko da, Zumaiako XIII. Sariarekin.

Ipar Euskal Herrian hainbat lasterketatan pare hartu ondoren, bihar hasiko du denboraldia modu ofizialean Jira-Bira Grupo Eulen txirrindulari taldeak. Etxetik gehiegi urrundu gabe, Zumaian izango dute lehen lasterketa, 10:00etan hasita. Eskualdeko errepideetan zehar 112 kilometro egin beharko dituzte Zumaiako XIII. Sarian eta, oraingoan, Jira-Birako 23 urtez azpiko hamabost txirrindulariak aterako dira lehian: Unai Cueva, Eder Camino, Hodei Murcia, Iñigo Eizagirre, Alex Uranga, Haritz Erasun, Alex Diaz, Gaizka Gurrutxaga, Asier Azkarate, Andoni Azkarate, Jon Ibarluzea, Joseba Lopez, Julen Garcia, Patxi Darthayette eta Julen Martinez. 

Hurrengo egunean, igandean, Kantabriako Colindres herrira (Espainia) bidaiatuko dute Grupo Euleneko txirrindulariek. Jakinarazi dutenez, igandeko lasterketaren izaera gogorragoa izango da, besteak beste, luzeagoa delako: 150 kilometrokoa izango da proba.