"Terapia antzekoa izan da bigarren lan hau"

Mireia Galarza Bastida 2021ko ots. 26a, 10:19
(Utzitakoa)

Serge abeslariak aurkeztu berri du bere bakarkako bigarren diskoa: Leihotik Mundura. Etorriko denarekin “urduri” agertu da zarauztarra, baina “gogoz” dagoela gaineratu du. Konfinamenduan idatzi, eta udan grabatu zuen lana Zestoako Gaztain Estudioan.

Zer kontatu nahi izan duzu bakarkako bigarren diskoan?

Gustura nenbilen lehen diskoko kontzertuak ematen, baina pandemia etorri zen eta guztia zapuztu zitzaidan. Hainbat arrazoirengatik arlo pertsonalean ere ez nebilen oso fin, eta barruan neukan hori kontatzeko beharra sentitu nuen. Itxialdia etorri zen, eta orduan idatzi nituen abestietako letrak. Lehen diskoa Gari Berasaluzek kaxoi batean gordeta zituen olerkiekin osatu nuen. Bigarrengoan, aldiz, abesti guztiak neuk sortutakoak dira, bat izan ezik. Azken hori, berriro ere, Berasaluzeren poema batean oinarrituta dago. Bakarkako azken lana terapia antzeko zerbait izan dela diot; letrak abesten ditudan bakoitzean sentitzen ditut hitzak.

Pandemia garaian sortu zen, beraz, Leihotik Mundura diskoa.

Bai, nire etxeko egongelan, leihotik kanpoaldera begira. Orokorrean arraroa izan da prozesua. Itxialdian zehar bikotea eta alabak ere alboan izan ditut, baina nire momentuak hartzen nituen idazteko, eta ohitura bihurtu zen azkenean. Denbora aurrera joan ahala, amaitzen ari nintzela sentitzen nuen, eta neure buruari esaten nion agian grabatzeko unea iritsi zela. Hasieran asmoa zen autoprodukzioa izatea, baina azkenean Elkar argitaletxearekin batera ekoiztu dut. Grabatzeko, aldiz, Zestoako Gaztain Estudioko Eñaut Gaztañagari deitu nion. Izan ere, talde askok ezin izan zuten entseatu itxialdiak iraun bitartean, eta nahikoa denbora zeukan estudioan nirekin grabaketak egiteko. Neu bakarka ari nintzenez, ez neukan arazorik alde horretatik, eta udan grabatu genuen.

Musikari bezala, inflexio momentu gisa sentitu al duzu konfinamendua?

Ez gehiegi. Nire inflexio puntua orain dela bi urte izan zen, bakarkako lehen diskoa atera nuenean, Enarak itzuli dira. Momentu horretan 23 urte neramatzan Eraso! taldean, denera zortzi disko aterata. Taldeaz gain beste zerbait behar nuela sentitzen nuen, desberdina, eta orduan erabaki nuen pausoa ematea. Egia da ezagutzen nauenari ez zitzaiola hain arraroa egin ni musika goxoagoa jotzen ikustea, baina, orokorrean, oso musika estilo zehatza dauka Eraso! taldeak, eta aldaketa nabaritzen da nire bakarkako produktuekin alderatuta.

Eraso! musika taldean ezagutu zaitugu urte luzez. Zer eskaini dizu bakarkako ibilbideak?

Orain arte taldean jo dudana musika gogorragoa izan dela esan dezaket. Pausoz pauso joan nahi nuen bakarkako ibilbidean, eta horregatik erabaki nuen lehen diskoa Gari Berasaluzeren laguntzarekin egitea. Esan bezala, aspaldi idatzitako olerki batzuk eman zizkidan, eta neureganatu egin nituen, olerkiak abesti bihurtzeko. Egia esan, oso erantzun ona izan zuen bakarkako lehen lanak, eta esango nuke hori izan dela arrazoietako bat bigarrengoan letrak nik sortzeko. Orokorrean, bakarlari moduan aritzeak beldurra ere ematen du, baina barrualdea biluzteko aukera ematen dio abeslariari. Intimoagoa da, eta zure minak azaleratzeko balio dizu. Norbere burua ezagutzeko ere balio du bakarlari izateak, luma eta gitarra aurrean dituzunean jendeari zu nor zaren erakusten ari baitzara, inongo iragazkirik gabe. 

Aurreko astean aurkeztu zenuen diskoa. Jendearen ‘feedback’-a jasotzeko astirik izan
al duzu?

Bai, eta momentuz positiboa izan da. Prozesuan zehar aipatutako kezkak alde batera uzteko balio dute kritika positiboek, sentitzen baituzu zuk egin duzunak behar bat ase duela. Gainera, produktua argitaratutakoan, zure sentimendu horiek jendeari "oparitzen" dizkiozu, eta entzuleak bihurtzen dira horien jabe. Ez dugu ahaztu behar entzule bakoitzak abestiak interpretatzeko bere modua ere badaukala, eta hori ere aberatsa da. Momentuz, gaur Munitibarren eta bihar Lekunberrin aurkeztuko dut diskoa. Martxoan, aldiz, Bilbora, Añorgara eta Gasteizera joango naiz nire bigarren bakarkako diskoa aurkeztera. Horretaz gain, lauzpabost kontzertu ere atera zaizkit, eta gustura nago alde horretatik.

Hemen ikus daiteke Sergek argitaratutako azken bidoklipa.