Kluben Federazio Kopan parte hartuko du bihar ZKE Halterofiliak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 26a, 16:32

Zarauzko Halterofilia Elkarteko sei lagunek hartuko dute parte biharko txapelketan. Beraiekin joango dira Madrilera Danel Lopez eta Jon Mendizabal entrenatzaileak eta Aitor Gabirondo delegatua.

Bolada zaila igaro ondoren, pixkanaka berreskuratzen doaz ohiko txapelketak halterofilian jarduten diren kirolariak ere. Bihar, larunbatarekin, Kluben 16 urtez azpiko Federazio Kopa jokatuko da Madrilen, eta bertan izango dira ZKEko halterofiliakoak. 13:45ean hasiko da txapelketa, hiri horretako Cerro Almodovar Kiroldegian.

Euskal Herritik bertaratuko den talde bakarra izango da Zarauzkoa, eta ondorengo halterak ariko dira lehian: Eriko Exposito (52 kg), Jakes Etxeberria (55 kg), Harkaitz Gasco (62 kg), Urko Exposito (75 kg), Xuban Portillo (93 kg) eta Romeo Ballesteros (104 kg).

Beste hiru talderen aurka neurtuko dituzte indarrak Madrilen: A Coruña, Molins de Rei eta San Fernando/Sanlucar.