Behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 26a, 13:58

Eremu horian jarraitzen dute 5.000 biztanletik gorako Urola Kostako herri guztiek. Zarautzen kasuan, astebetean 231tik 162ra jaitsi da intzidentzia tasa astebetean. Oso pixkanaka bada ere, badirudi ospitaleetako egoera ere baretzen ari dela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi berri ditu atzo COVID-19aren bueltako datu eguneratuak eta eskualdean, guztira, zortzi positibo berri atzeman zituzten atzo. Horien erdiak Zarautzen atzeman zituzten, baina herriko joerak beheranzkoa izaten jarraitzen du, izan ere, atzokoa izan zen aste osoan atzemandako kopururik altuena; gainontzeko egunetan gutxiago atzeman dituzte. Intzidentzia tasa ere beheraka doa pixkanaka bada ere. 175,61ekoa zen atzo eta 162,76koa da gaur.

Eskualdeari dagokionean, duela astebete egun berean bederatzi kasu atzeman zituzten guztira, beraz, mantentzera egin dute egunez egun atzematen diren positibo kopuruek. Azken egunetan ez da aldaketa handirik izan herriz herriko koloreetan, eta horian jarraitzen dute herri guztiek; horrez gain, momentuz urrun daude eremu laranjara igarotzetik.

Zarauzkoez aparte, gainontzeko lau kasuak Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Getarian hauteman zituzten atzo; bakoitzean bana. Intzidentzia tasa igo egin da apur bat Azkoitian, baina oso baxua izaten jarraitzen du (66,76tik 75,11ra igo da). Azpeitian behera egiten jarraitzen du tasak egunez egun, pixkanaka bada ere (170,83tik 164,26ra jaitsi da orangoan) eta Orion, berriz, mantendu egin da kopurua atzotik gaurrera (179 bueltakoa da). Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Zestoan eta Zumaian ez zuten kasu positibo berririk atzeman atzo.

500 kasutik behera

Osakidetzak eta Osasunbideak argitaratutako datuen arabera, atzokoan guztira 9.153 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 418k eman zuten positibo. Datu horien arabera, positibotasun tasa %4,9koa izan zen atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,2koa Nafarroan. Atzemandako 418 kasuetatik gehienak Bizkaian atzeman zituzten atzo ere: 218. 88 Gipuzkoan hauteman zituzten, Araban 59 eta Nafarroan 50.

Erietxeetako egoerari dagokionean, 45 pertsona ospitaleratu zituzten atzokoan eta, denera, 313 lagun daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietako 126 daude Zainketa Intentsiboen Unitatean. Oso apurka bada ere, beheraka doa ZIUn dauden gaixoen kopurua ere, duela astebete 144 gaixo baitzeuden han.