Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazi diete udalak eta Saharautzek

Zarauzko Hitza 2021ko ots. 27a, 11:00
(Zarauzko Udala)

Saharautz taldeak hala eskatuta, beste urte batez bandera jarri dute udaletxeko balkoian. Saharautzek jakinarazi du aurten ezin izan dutela Elkartasun Karabana ohiko eran antolatu, baina Zarauztik 11.520 kilo arroz bidaliko dituztela gaur Tindufeko kanpalekura.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zeneko 45. urteurrena da gaur. Aurtengoan ere saharar herriaren askatasun aldarrikapenarekin bat egin dute Zarauzko Udalak eta Saharautz taldeak, eta horren adierazle da udaletxeko balkoian jarri duten bandera, Saharautzek hala eskatuta.

Saharautzek gogorarazi du Mendebaldeko Saharan iazko azaroaren 13an deklaratu zela gerra-egoera, Marokok su etena urratu ostean. COVID-19a dela-eta "mugak itxi izanaren ondorioz", "Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamenduetan dauden herritarrak elikagai eta osasun gabezia larriak jasaten" ari direla ere azaldu du. Saharautzeko kideen esanetan, sahararrek "inoiz baino gehiago behar" dute "gure babesa".

Hala, jakinarazi dute aurten ezin izan dutela Elkartasun Karabana ohiko eran antolatu, baina "beste gisa bateko laguntza helaraziko" dietela Tinfudeko kanpalekuetan bizi diren pertsonei: "udalak 9.000 bideratu ditu horretarako, eta diru horrekin 11.520 kilo arroz bidaliko ditugu". Karabana gaur abiatuko da Aljeriarantz, eta Saharautzek eskerrak eman dizkio udalari, "sahararren aldeko konpromisoari eusteagatik".

Bestalde, azaldu du "datorren urtean berriz ere ohiko jardunari helduko" diola, eta Elkartasun Karabana nahiz Oporrak Bakean programa "aurrera eramaten" saiatuko dela.