Itzulia txirrindularitza proba aurten ere pasatuko da Zarauztik

Julene Frantzesena 2021ko ots. 27a, 20:00

Apirilaren 5etik 10era izango da sei etapatako lasterketa. Bosgarren etapan, Zarauztik igaroko da proba.

Atzo, ostirala, aurkeztu zuten aurtengo Itzulia Basque Country txirrindularitza proba. Iaz ez zen egin proba; koronabirusa tarteko, hasieran atzeratu egin zuten, baina ezin izan zuten gauzatu. Aurten, ezusterik ezean, egin egingo dute, eta 60. edizioa izango da: apirilaren 5etik 10era izango da sei etapatako lasterketa. Aurten ere, Zarauztik igaroko dira txirrindulariak.

Itzulia Bilbon hasi eta Eibarren bukatuko da: lehen hiru etapetan, Bizkaian eta Araban ibiliko dira txirrindulariak. Laugarren etapa, berriz, Araban hasi eta Gipuzkoan bukatuko da, eta azken bi etapak Gipuzkoako nahiz Bizkaiko lurretan jokatuko dituzte.

Hain zuzen ere, bosgarren etapan Urola Kostatik igaroko da Itzulia. Egun horretan Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik igaroko da proba.