Bidean Team izenpean osatu du hautagaitza Lertxundi futbol jokalari ohiak, eta Futbola, Adostasuna, Herria izan du lelo hauteskunde kanpainan. Azpimarratu du, bestalde, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna ere aldarrikatuko lukeela presidente gisa.
Joan den larunbatean izan zen Zarautzen. Asti futbol zelaian ateratako talde argazki baten bidez, haren hauteskunde programa eta hautagaitza babestu zuten Gipuzkoako hainbat pertsonak; besteak beste, Maite Lizaso, Laura Gomez eta Estanis Argote futbol jokalari ohiek, eta Mikel Etxarri hautatzaile ohiak. Zarautz Kirol Elkarteak ere bat egin du Koikiliren proiektuarekin.
Gaur 18:00etan izango dira Euskadiko Futbol Federakundeko hauteskundeak, Ipuruan. Orduan ebatziko da Landetak edo Koikilik hartuko duen Luis Mari Elustondoren lekukoa.