TAO zerbitzuan egin nahi diren aldaketei buruzko azalpenak eman ditu Zarauzko Udalak

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 7a, 12:21

400 aparkaleku gehiago sortu nahi dituzte, horietatik 300 egoiliarrentzat, herritarren aurrean ikusgai jarri duten plan berriarekin. Ordenantza oraindik ez dela onartu gogorazi du udalak, eta herritarrak deitu ditu martxan duten parte-hartze prozesuaren bidez plan berriaren gaineko iruzkinak egitera.

Zarauzko Udalak argitara eman duen oharraren arabera, TAO sistema aldatzea "mesedegarria izango da zarauztarren gehiengoarentzat". Herriko aparkalekuen arazoa konpontzeko "urrats garrantzitsuak" ematen ari direla azpimarratzen da adierazpenean, eta testu berean, TAO zerbitzuan egin nahi dituzten aldaketa batzuen gaineko galdera-erantzunak aletu dituzte.

Izan ere, urtarrileko Osoko bilkuran aurkeztu zuten TAO zerbitzuaren ordenantzaren aldaketa. Orain, oharraren bitartez, Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azalpen batzuk eman ditu, aldaketa horiek Zarauzko mugikortasunean nola eragin dezaketen argitu asmoz.

Aldaketa nagusiak
Basurkoren esanetan, gaur egungo TAO eremu kopurua murriztu nahi dute, "horrek errazagoa egingo duelako sistema ulertzea eta auzotarrei etxetik gertuago aparkatzea". Aldi berean, Talaimendiko gune berria gehitu nahi dute, 52 aparkalekurekin, "auzoko bizilagunen eskaerari erantzunez. Horrekin batera, Asti kirol-gunea aparkaleku gisa erabiltzeko aukera egon daitekeela ere azpimarratu du, urte sasoiaren arabera.

Proposamenaren berria onartzen bada, Mendilauta eta Zumalakarregi auzoak egoiliarrentzat bakarrik izango dira, 100 plazarekin. Horrez gain, 1.zonako egoiliarren 50 aparkaleku gehiago ere gehituko lirateke, eta beste 60 gehiago ere bai Azken Portun. "Auzo horretan beste 100 aparkaleku gehiago sortzea aztertzen ari gara", dio Mugikortasun zinegotziak oharrean. Herrikosoro kalean beste 103 plaza gaitzea ere planteatu dute, eta 82 aparkaleku libre Aiziazpi kalean.

Parte hartze prozesua herritarrekin
Aparkalekuen plan berria jendaurrean dago ikusgai, eta Basurkok nabarmendu duenez, iradokizunak eta alegazio formalak jaso dituzte. "Hori eskertzekoa da, ordenantza hau guztion artean hobetzea baita helburua".

Herritarrek zabalik dute oraindik ekarpenak erregistratzeko epea, eta hilaren amaieran itxiko dute. "Herritar guztiak animatu nahi ditut prozesuan parte hartzera, proposamena irakurtzera eta zalantzak edo ekarpenak helaraztera".

Aparkalekuen eta, oro har, mugikortasunaren gaia "sentikorra" dela azpimarratu du zinegotziak, "guztioi zuzenean edo zeharka eragiten digulako", eta akordio batera iristea zaila izango dela gaineratu du.

Ordenantzaren aldaketak hainbat kritika jaso ditu, eta horietako baten arabera, herritarrak autoa gehiago erabiltzera bultzatu ditzake plan berriak. Horri erantzunez, zinegotziak dio ez dagoela teoria hori babesten duen oinarririk, eta haien proposamena "informazioa biltzetik, datuak aztertzetik, Zarauzko bizilagunei entzutetik eta gure herrian urteetako esperientzia eskaintzen duten eragileei entzutetik" sortua dela.

Zarauzko mugikortasunaz, orokorrean
Basurkok mugikortasunaren arloko beste hainbat ekimen eta proiekturi ere egin dio erreferentzia. Besteak beste, hirigune osoan abiadura 30km/o-ra murriztu nahi dutela azaldu du. Bestalde, hiriguneko eremuak berreskuratu nahi dituzte "oinezkoen gozamenerako" , espazio libre gehiagorekin eta trafiko gutxiagorekin. 

Zinegotziaren iritziz, herrigunean ibilgailu astunen joan-etorriak murriztea ere garrantzitsua izango da. "Hori zaila da, N-634 errepideak herria gurutzatzen duelako, baina oraingoz urrats garrantzitsua eman dugu Frantseskua eta Aiziazpi kaleen arteko bidea eraikita".