MARTXOAK 8, EMAKUME LANGILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaleak beteta aldarrikatu dute Martxoaren 8a aurten ere

Zarauzko Hitza 2021ko mar. 8a, 19:36

Aurten ere aldarri, kantu eta dantza artean egin dute Zarauzko Koordinadora Feministak deitutako mobilizazioa. Nagusiki, COVID-19aren hainbat ondorio eta migrazio politikak jarri dituzte jo-puntuan, eta "Euskal Herri burujabe, feminista eta antiarrazista" aldarrikatu dute.

Martxoaren 8a da gaur, eta beste urte batez, ehunka pertsonak bete dituzte aldarriz Zarauzko kaleak. 18:30ean hasi da Zarauzko Koordinadora Feministak deitutako manifestazioa, Lege Zaharren Enparantzatik, eta Mugen gainetik salto, feministok saretu lelo hartuta. Bi errenkada luze osatuta hainbat kale zeharkatu ostean, Munoa plazan amaitu da mobilizazioa, eta han hitza hartu dute hainbat emakumek, tartean, Koordinadora Feministako kideek.

Manifestazioaren amaieran azaldu dutenez, aurten "Martxoaren 8a COVID-19aren testuinguruan aldarrikatzea" egokitu zaie. Egungo egoeran "Kapitala bizitzari gailendu" zaiola nabarmendu dute, eta besteak beste, "krisialdiak eragin zuzena" izan duela "eremu feminizatuetan". Indarkeria matxistak, dena den, ez duela "etenik izan" salatu dute.

Bestalde, aurtengo Emakumeen Mundu Martxako nazioarteko ekimenari keinu eginez, seinalatu dute "migrazio politika hiltzaileen adierazle garbiena" direla "Europako mugak". "Transnazionalak diruz hornitzean", gainontzeko "herrialdeak esplotatzeko ateak irekitzen" dituztela esan du Koordinadora Feministak, azpimarratuz "kapitalista eta arrazista" dela "merkatu librearen logika". "Bada garaia ditugun pribilegioen berrikuspena egiteko. Bada garaia gure lurraldean inposatzen dizkiguten muga fisiko eta politikoak apurtzeko", gaineratu du Koordinadora Feministak.

Horri guztiari lotuta, "erraietatik hasi eta Euskal Herri burujabe, feminista eta antiarrazista batera bidean" urratsak egitera dei egin du gaurkoan. "Sistema kapitalista heteropatriarkar arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu", adierazi du.

Aurtengo adierazpenak egin ostean, bertsotan egin dute Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen Plataformako kideek. Saltsa ikuskizuna ere egin dute Munoan.

Argazkiak: Amaia Urbieta Arruti