Fruituak dastatzeko unea

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 9a, 12:41

Onintza Lete UKTko papereko zuzendariak idatzitako iritzi artikulua da honako hau, UKTk sortu berri dituen GUKA gehigarriaren eta magazinaren harira. Gehigarria herri aldizkariekin batera banatu da, eta bertako elkarrizketa nagusia laster egongo da irakurgai nahiz ikusgai erlotelebista.eus eta zarauzkohitza.eus-en. Magazina, berriz, iragan ostiralean estreinatu zen, eta osorik ikus daiteke atari honetan

Honezkero ohartuko zinen zenbaki hau beteago datorrela; pisu gehiago duela, mardulagoa dela. Orriak aurrera eta atzera ibili bazara, akaso aurkituko zenuen GUKA izeneko beste azal bat, aldizkari barruan. Horixe aurkeztera natorkizu, hain zuzen: mimoz ondu dugun hamasei orrialdeko gehigarria da, eta Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) lau herri aldizkariekin banatuko da hemendik aurrera, hilero; Baleike, Karkara, Maxixatzen eta Uztarriarekin. Binakako elkarrizketa sakonak, erreportaje zabalak eta urrutira joan gabe ezagutzeko eta egiteko planak aurkituko dituzu zenbakiz zenbaki. Elkarrizketa edo erreportaje nagusia egiten duen kazetariak gaiari buruz iritzi edo analisia ere eskainiko du, eta aurrenekoa Amaia Urbieta Zarauzko erredaktoreburuari egokitu zaio.

Papereko berrikuntza honekin batera, lantaldean ilusio handia eragiten digun beste estreinaldi bat ere aurkeztu beharrean gara: GUKA magazina. Hilero ordubeteko saio fresko, bizi eta zaporez betea eskainiko dugu martxoaren 5ean hasita Erlo Telebistan. Mireia Galarza kazetariak aurkeztuta, Urola Kostako herri eta auzoetan barrena ibiliko da saioa. Aurreneko geldialdia Getarian egingo dugu, eta Eñaut Elorrieta izango da elkarrizketatu nagusia. Erreportaje txikiak ere izango ditu magazinak, baita inkesta, agenda eta halako atalak ere. Eta, noski, esku artean duzun gehigarriak ere izango du bere tokia telebista saioan. Batetik, elkarrizketa edo erreportaje nagusiaren laburpena eskainiko da, eta bestetik, Urrutira joan gabe atala izango du: paperean zerbait praktikoa eta motza dena, magazinean zabal eta luze jorratuko da. Gorka Peñagarikano kazetariak egingo ditu aurkezle lanak, eta bisitatzen duen txoko bakoitzean edukiko du tokia erakutsiko dion gonbidaturen bat. Aurreneko geldialdia Azkoitiko Aittolan egin dugula ikusiko zenuen. Bada, QR kode bat jarri dugu, erreportaje osoa ikusi ahal izateko oraintxe bertan, eta beste kode bat jarri dugu elkarrizketaren amaieran.

2019ko ekainean sortu genuen UKT, eta iritsi da lehen fruituak patxadaz dastatzeko unea. On egin diezazula!