Bizi oso bat sei paneletan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 9a, 18:35

Alfredo Espinosaren bizitza ardatz duen erakusketa bat jarri dute Zarauzko Merkatu plazan. Medikua eta politikaria izan zen, eta faxistek erail zuten 1937an.

Zarauzko Merkatu plazan erakusketa berri bat inauguratu zuten atzo, martxoak 8. Alfredo Espinosa Oliveri da martxoaren 15era bitartean ikusgai egongo den bildumako protagonista; hain zuzen, tamaina handiko sei paneletan eta hainbat lamina txikitan jaso dute haren bizitza, irudi eta testu bidez, eta Merkatu plazako aurreneko solairuan jarri dituzte orain. Leizaola Fundazioak sortu du erakusketa, Gogorarekin batera. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua da Gogora.

Espinosa 1903an jaio zen Bilbon, eta frankistek 1937an fusilatu zuten Gasteizen. Faxistek Zarautzen harrapatu zuten, ustez Tolosatik Santanderrera eraman behar zuen pertsonak traizio egin baitzion.

Medikuntza eta politika

Bilbotarrak Madrilen egin zituen medikuntza ikasketak. Sorterrira itzultzean, Basurtoko Ospitalean aritu zen lanean, eta erradiologia arloko arduraduna ere izan zen gero. Zarauzko Udalaren arabera, "pobreen mediku" gisara ere ezaguna da Oliveri, "baliabiderik gabeko gaixoei" ez zielako "dirurik kobratzen artatzeagatik".

Mediku izatez gain, ordea, urte luzez jardun zuen politikagintzan, adierazpen politiko errepublikazaleetan, beti ere. 1931n Bilboko zinegotzi hautatu zuten Conjunción Republicano Sozialista koalizioarekin, eta Bizkaiko Aldundiko kudeaketa batzordeko kide ere izendatu zuten Espainiako Errepublikaren etorrerarekin batera. Burgosko eta Logroñoko gobernadore zibila izan zen aurrerago.

1934an, Unión Republicana sortu zutenean, alderdi politiko horretako Bizkaiko presidente aukeratu zuten alderdikideen artean. 1936an egin zuen eztanda Gerra Zibilak, eta Bizkaiko Defentsa Batzordeko Komunikazio komisario izendatu zuten Espinosa. Udazken horretan onartu zuten Autonomia Estatutua, eta  Jose Antonio Agirreren gobernuaren parte izan zen mediku bilbotarra ere. Hain zuzen, Osasun sailburua izan zen 1936tik 1937ra bitartean.

Udalak dio "justiziaren eta legearen defendatzaile" sutsua izan zela, eta "hil zen arte" azaldu zela "exekuzioen eta errepresio arbitrarioaren aurka".

Espinosaren bizi-ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute, beraz, Merkatu plazara bertaratzen direnek. Astelehenetik ostiralera bitartean egongo da zabalik erakusketa. Informazio gehiago nahi dutenek, telefonoz deitu dezakete 944 213 031 zenbakira, edo mezu bat bidali dezakete leizaola@leizaola.eus helbide elektronikora.