Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, aurten ere kartel lehiaketa bat jarri zuen martxan Zarauzko Parekidetasun Sailak, udaletik antolatutako ekitaldien irudia izateko. Orotara 41 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta erakusketa bat osatu dute guztiekin. Torre Luzean dago ikusgai bilduma, martxoaren 14ra arte. Egunean bi orduz egongo da zabalik, hain zuzen, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Otsailean jakinarazi zuten zeintzuk izan diren aurtengo lehiaketako kartel sarituak. Lucia Arribas zaragozarraren lanari eman zion sari nagusia epaimahaiak, eta beraz, horixe izan da aurten udalak erabili duen irudia. Bestalde, Candela Azurza zarauztarrak eskuratu zuen herritarren saria Korronte morea lanagatik.
Martxoaren 8aren harira prestatutako ekimenen barruan, astelehenean bertan inauguratu zuten erakusketa Torre Luzean.